argia.eus
INPRIMATU
Janari merkearen zepotik nola aterako?
  • Nolaz antolatu da laborantza guzia janari merkea eskaintzeko helburu bakarrarekin? Azkeneko berrogoi ta hamar urtetan, osoki aldatu egin dira asko gauza. Kontsumitzaileak ilabeteroko «gastuen» hiruetarik bata alokairuen ordaintzeko dauka, eta heren erdi bat doi doia atxikitzen du bata bestekoan janarien erosteko. Merke merkea hornituz janaria herritarrei, diru gehiago gelditzen da beste gastu eta erospenentzat, gainerateko ekonomia hazten da.

Mikel Hiribarren @syndicatELB 2017ko uztailaren 07a
Leclerc hipermerkatuan 'Bio' sail zabala: sekulako tira du azken urte hautan biologikoak, saltegi haundiek ere ari diete leku berezia uzten bio ekoizpenei.

Heldu da gure Itsasuko herrirat uste baino lasterrago uhain berdearen ezpaina. Badaukagu guk ere saltoki berria, erosgai ekologikoak eta biologikoak ekartzen dauzkiguna. Deitua dute Ona’ta bio. Sekulako tira du azken urte hautan biologikoak, bereziki janariaren sailean. Saltegi haundiek ere ari diete leku berezia uzten bio ekoizpeneri. Karioxago da naski orainokoan, baina iduri luke ainitzez hobea dela osasunaren begiratzeko.

Labur eta motz erraiteko, goazen urratsean, on izanen da bio den guzia, eta arriskugarria bestelako den dena. Ez ditugu bi hitzez argituko guk hemendik hamaika auzi. Zer den jokoan nahi dugu agertzen hasi. Nolaz antolatu da laborantza guzia janari merkea eskaintzeko helburu bakarrarekin? Ainitz ekoiztu behar dute laborariek bizipidea ateratzeko sal prezio apalak baitituzte, onkailu kimikoak eta peztizidak eskulan gastuen mendratzeko eta errendamenduaren hobetzeko baizik ez dira. Eta gogoan atxiki behar da elikadura edo janariaren sektore guzia antolatzen duen eragile edo aktore nagusia agro industria dela. Saltegi haundien sareak ere baduela gaitzeko ardura. Laborariei nahi duten prezioan biltzen baitituzte lehengaiak. Kontsumitzailei hautu zabalaren ilusio maltzurra emanez, nahi dutena sakatzen baitiote, publizitatearen bidez konparazione. Industria eta saltegien legearen menpe gaude laborari eta kontsumidore guziz gehienak.

Azkeneko berrogoi ta hamar urtetan, osoki aldatu egin dira asko gauza. Kontsumitzaileak ilabeteroko «gastuen» hiruetarik bata alokairuen ordaintzeko dauka, eta heren erdi bat doi doia atxikitzen du bata bestekoan janarien erosteko. Guziz aldrebeskoak ziren aitzinetik ilabeteroko gastu zati horik: heren bat zoan janariari, heren erdia alokairueri. Merke merkea hornituz janaria herritarrei, diru gehiago gelditzen da beste gastu eta erospenentzat, gainerateko ekonomia hazten da.

Zernahi gostatzen dira aldiz janari industrialaren ondorioak. Duela guti oraino urtero 65 miliar bazoatzin Frantzia bezalako herrialde batean irauten duten eritasun eta gaitzen artatzeko. Diru zama ikaragarriak behar dira uraren garbitzeko edo ondarkinen tratatzeko, besteak beste. Eta hori dena diru publikoz ordaintzen da, gu guzien diruz. Badu nahitaez sekulako gastua herritarrentzat janari industrial merkeak.

Nola aterako gira denak, laborariak eta erosleak, zepo ikaragarri huntarik?

Bakotxari doakigu nahitaez indar dobleak egitea ekoiztean edo erostean. Ekoizleak edo laborariak arta bereziz hazten ahal ditu bere kabalak, eta baliatzen ahal halaber bere lurrak. Baita zuzeneko merkatuan saltzen ahal dio bere lanaren emaitza erosleari…

Eroslea ere axolatua ibil daiteke jaten duenaz, diruak edo gogoak laguntzen dutela frangotan eskutik eskurat erosteko janariak. Baitezpadakoa

hau guzia, ez duelarik ordea berehala edo egundaino herritar guziei eskainiko janari sendoa eta gozoa, asko baitira neke gorrian bizi direnak, lanik gabe eta bizipiderik gabe.

Ardura orokorrak eta kolektiboak hor dira, eta zenbatez larriagoak, hautetsi eta Herri buruzagiek dituztela giderrak, hurbileko ekoizpenekin oinarrizko elikadura osasuntsua lehenesteko. Eta elikadura honi doakion laborantza berriz asmatzeko, antolatzeko eta sustatzeko.

Ez dugu nahi jende xehearentzat janari industrial arrunta eta osagarriarentzat erdi arriskugarria, laborariak erdi ordaindu gabe ekoiztua.

Denentzat nahi ditugu lehenbaitlehen janari onak, biologikoak, hurbilekoak. Laborariari beren lanaren sari duina uzten dutenak.