argia.eus
INPRIMATU
“Fast-food” enpresetako 500 langile atxilotu dituzte soldata baxuen aurkako protestetan
  • AEBetako janari azkarreko enpresetan ari diren milaka langilek greba egin zuten joan den ostegunean lan baldintza prekarioengatik protestatzeko eta soldata duin bat eskatzeko. Emaitza: 500 atxilotu 150 hiritan, horien artean AEBetako Kongresuko kide bat, Waging Non Violence guneak argitaratu duenez.

Judith Perez @judyjudd 2014ko irailaren 09a
Greensboro hirian egindako protesta (argazkia: Justin Cook / MSNBC)

"Fight for 15" (15en aldeko borroka) orduko 15 dolarreko gutxieneko soldataren alde borrokatzen duen mugimendua da. Ekimenak eta kanpaina judizialak 2012an hasi zituzten Manhattango McDonalds batean, eta mugimendua berehala zabaldu zen herrialdean barrena. Izan ere, AEBtako fast food kateetako langileen %68k 7,26 eta 10,19 dolar artean baino ez dute kobratzen orduko.

Maiatzean 30 bat herrialdetako fast food langileak mundu mailako greba egin zuten lehenengo aldiz.

Uztailean, AEBetako fast foodeko langileek iragarri zuten “beharrezkoa den guztia” egiteko prest zeudela, desobedientzia zibila barne,  15 dolarreko gutxieneko soldata lortzeko.

Irailaren 1ean, AEBetako Lanaren Egunarekin batera (Labor Day), 500 atxiloturekin amaitu den greba nazionalaren berri eman zuten.

"Fight for 15" mugimenduak garaipen garrantzitsua lortu du aurtengo udaberrian: Seattleko Udalak 15 dolarreko soldata minimoa onartu du hirian. Neurria gutxinaka inplementatuko da hurrengo urteetan.

 

Chicagoko protesten eta atxiloketen irudiak jaso dituzte bideo honetan: