Kezkatzen zaitu ikastetxeko elikadurak, horrekin gazteak zer ikasten ari diren eta horrek komunitatean nola eragiten duen? Jantoki osasungarri, hezigarri, hurbileko, agroekologiko eta bidezkoa nahi duzu eskolan? Horretarako aholku eta jarraibide ugari bildu dituzte “Jan eta ikasi, eskolatik hasi” gidan.
Jantokia eraldatzeko prozesua abiatua duten kolektiboek euren esperientzia transmititu nahi diete berdin jokatu nahi duten hezkuntza-komunitateei, eta horretarako hainbat jarraibide, ideia eta orientabide jaso dituzte; sarean dago gida, duela bi astetik. Testuingurua, araudia, ezinbestean kontuan hartu beharrekoak, sukalderik ez duen ikastetxean zein aukera dauden eta sukaldea izanez gero nola jokatu daitekeen, horren inguruan dihardu gidak.
Gure platera gure aukera
2015ean ekin zion eskola-jantokiei buruz gogoetatzeari Gure platera gure aukera ekimenak. Etorkizuneko jantokiak nolakoak izatea nahi zuten amestu eta horietan oinarritutako esperientziak jarri zituzten martxan, hainbat ikastetxetan. Gauza bera egin nahi duten eskoletatik informazioa eskatzen dietela-eta, eskuragarri jartzen joan dira ikasitako guztia, eta sarera igotako gida hau izan da azken urratsa.
Bestelako jantoki eredu bat helburu, prozesuak bizirik jarraitzen duela adierazi dute ekimenaren atzean dauden kolektiboek: “Eskuratzen ditugun ikaspen, praktika on eta baliabideekin gida hau aberastea da gure asmoa”.
Gaiari lotuta: