argia.eus
INPRIMATU
Jalida Jarrar parlamentari palestinarra espetxeratu du Israelek
  • Palestinaren Askapenerako Herri Fronteko (PAHF) parlamentari Jalida Jarrar kargurik gabe kartzelaratu du Israelek. Apirilaren 2ko gauean atxilotu zuten.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko apirilaren 07a
Kargurik edo epaiketarik gabe pertsonak espetxeratzeko formula baliatu du Israelek Jarrarren kontra.

Israelgo auzitegi militar batek lau hilabeteko “atxiloketa administratiboa” agindu du Jarrarren aurka. Israelen formula bat da hori, palestinarrak kargurik gabe espetxeratzeko. Egoera horretan, atxilotua kargu edo epaiketarik gabe espetxean eduki eta espetxealdia mugarik gabe luzatu dezakete.

Hilabetean “atxiloketa administratiboa” ezarri dioten zortzigarren palestinarra da Jarrar eta urtea hasi zenetik 319.a, Maan agentzia palestinarrak jakinarazi duenez.

Jalida Jarrar atxilotu zutenean Israelgo bozeramale militar batek Maani adierazi zion “talde terrorista bat zuzentzeagatik eta ekintza terroristak sustatzeagatik” atxilotu zutela.

Preso Palestinarren Elkartearen zuzendari Fares Qaduraren ustetan atxiloketa “mendeku ekintza” da, Jarrarrek ez zituelako bere mugimenduak mugatu autoritate israeldarrek 2014ko abuztuan agindu bezala.