argia.eus
INPRIMATU
Jakoba Errekondo: “Etxeko landareen hamarretik bederatzi ur gaindosiagatik hiltzen da”
  • Jakoba Errekondok Etxeko landareak liburua atera du. Hitzaldi honetan landareak begiratzeko eta hauek tratatzeko modua aldatuko diguten hainbat ideia eman ditu: "Landareengana hurbildu aurretik, pentsatu gu baino askoz azkarragoak direla". Ba al dakizu nondik datozen gure etxeetako landare gehienak?

    Testuan hainbat ideia jaso ditugu, baina edukia osorik, bideo honetan dago ikusgai.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 11

Stefano Mancuso aipatuz hasi du hitzartzea Jakoba Errekondok: "Macusok argi idatzi zuen: 'Okerbidez jokatzen dugu landareak animalia ezinduak direla pentsatuta, zerbait falta zaielakoan, mugimendua, garuna, begirada. Animalien aurreiritzirik gabe hurbildu behar dugu beraiengana: ezin sinetsizko inteligentzia dute, beste planeta batekoak balira bezala'. Hau da, gu animaliak gara eta aurreiritzi hori kenduta lan egin behar dugu landareekin. Landareez oraindik oso-oso-oso gutxi dakigu. Ostikoz jo edo aizkorarekin moztu edo ureztatu gabe utzi eta hiltzen direlako, edo uhazari lepoa moztu eta jan egiten dugulako, pentsatzen dugu landareak izaki ziztrin batzuk direla. Alderantziz da, gu baino milioika eta milioika urte gehiago daramatzate mundu honetan eta ikaragarrizko jakinduria daukate. Eta guk ez dakigu horri buruz: landareek pentsatu egiten dute, elkar laguntzen dute, erabakiak hartzen dituzte eta gero bete... Landareetara hurbiltzeko erarik onena da pentsatzea gu baino askoz azkarragoak direla. Eta beraz, ea nola tratatu behar ditugun.

Landareak zaintzea arte bat da. Arte hori, itxaroten jakitearen artea da. Baratze bat daukanak, lorategi bat duenak, badaki: landareekin lan egiteak denbora ematen digu. Landare bat ekarrita, ikusi egiten dugu egunetik egunera pixkanaka-pixkanaka hazten ari dela, hosto berri bat ematen du, halako batean lore bat emango du, lore horrek fruitua, fruitu horrek hazi bat... landareen zikloetara joango da gure sentitzeko eta bizitzeko era. Landareak, gaur egun dugun eromen, dena korrika eta presaka egiteko bizimodu honetatik pixka bat atera egiten gaitu eta denbora ematen digu, lasaitu egiten gaitu, beste bizimodu batzuk badaudela erakusten digu".

Landareei hitz egiten dieten emakumeei eskainia

"Etxeko landareak liburua eskaini diet landareei hitz egiten dien emakumeei. Nire bizitzan emakume mordo batek erakutsi dit landareen zaintza: baratzean, etxeko landareetan, loreetan... emakume horiei eskaini diet liburu hau, eta filosofia hori azaltzen saiatu naiz liburuaren sarreran: 'Landareak zaindu egiten dira, elikatu garbitu, mimatu... izan ere gure artera ekarri ditugu eta gutarrak dira, etxekoak. Guretar bihurtu ditugu eta komunikatu egiten gara. Hitz egiten diegu eta haiei entzun eta aditu. Mainak egiten dizkiegu eta beraiek guri beste hainbeste: arnastu behar dugun airea arazten digute; gure bizitzaren gertalekuak janzten dituzte: poza ereinaz, hedatuz eta lurrinduz eta, batik bat, bizitzaren ederra eskuera jarriz, hosto eta lore beteka. Hazi egiten dira, apaindu eta dotoretu, eta loratu. Ez guretzat, gurekin.

Landareak badira nor, geu bezalaxe. Eta, badakigu, nor dena gure aldamenean hazi, bizi eta lorez loratzea nahi badugu, maitatu beste aukerarik ez dugu.

Landareak maite dituztelako; emakumeek loratzeraino maitatu eta beraiek ere landareetan loratzen dira. Emakume horiek ez diete landare esaten, lore esaten diete. Loreak dira landareak'".

Tropikotik zer ekarri norberaren etxera?

"Etxeko landareez pentsatzerakoan, lehenik pentsatu behar dugu zer daukagun guk etxe barruan. Kanpoan oso ongi etortzen diren landareak etxe barrura sartuz gero, normalena izango da hiltzea. Kanpoan bizi diren landareak ohituta daude kanpoko zikloetara: argiak gora eta behera egiten du, tenperaturak ere bai... etxe barruan alderantziz da, tenperatura beti 20º inguru izaten dugu eta argiarekin berdin, iluntzean piztu egiten dugu. Beraz, etxe barruan zein landare etorriko dira ongi? Naturan ere tenperatura eta argia gora beherarik gabe duten lekuetakoak, hau da, tropikoetakoak. Arazo bat dago landare horiekin: ura. Zonalde tropikaleko landareek normalean ur asko beharko dute, eta ingurunean behar dute ura.

Beraz, landareak aukeratzen ditugunean, ekarriko ditugu Brasildik, Karibetik, Indonesiatik... uraren gora beheragatik, landareek ezingo dute beraien zikloa osatu eta landare asko ez dira loratuko, beste batzuk bai. Gure etxeetan landareak direnak, haien jatorrizko tokietan zuhaitz erraldoiak izango lirateke eta beraz, heldutasun horretara iritsi gabe, ezin dira loratu. Beraz, etxe barruan normalean landare hauek beti berde ezagutuko ditugu, hauetako asko inoiz loratu gabe. Landarea aukeratzen dugunean ikusi behar dugu ea argi zalea den edo ez, horrek baldintzatuko baitu landarearen bizimodua gure etxean. Argi asko dagoen tokian landare gehiago jartzeko aukera izango dugu beti, ilunpetarako aukera murritzagoa da".

Landarea kartzelan

"Landare bat loreontzian jartzen dugunean, ez dugu ahaztu behar kartzelan sartzen ari garela. Landarea naturan dagoenean, berak bere kasa sustraiak eman ditzake, metroak eta metroak luzatu daiteke janari eta ur bila. Loreontzian ez du aukerarik bere kasa bere elikagaiak topatzeko. Guk eman behar dizkiogu, eta horren arabera landarea ederra egongo da edo zapuztu egingo zaigu eta erdipurdiko landarea izango da beti. Horregatik, oso garrantzitsua da loreontzia betetzeko lurra prestatzea, eta ongarriketa egitea landarearen ziklo bakoitzean (hosto berriak emango dituenean, loratuko denean). Loreontzia ere bai: ez da gauza bera plastikozkoa, lurrezkoa edo hidro-loreontzia, zeinetan uraren erreserba egoten den azpian eta ureztatzeko sistema iraunkorra duen".

Ureztaketa

"Etxe barruan hiltzen zaizkigun landareen hamarretik bederatzi ur gehiegiagatik hiltzen da. Kontuz ureztatzearekin; askoz hobe da gutxixeago ureztatzea, eta landareak berak erakutsiko digu noiz behar duen ura: hostoak pixka bat beherantz jartzen dituenean, ura behar du. Ez ur gehiegi eman, onddoak erakarriko baititugu, usteldurak eta abar.

Ezagutzen dudan artefaktu arriskutsuena, loreontziak sartzeko erabiltzen diren beste apaingarritarako poto horiek dira: zeramikazkoak, harrizkoak... hor sartzen dugu loreontzia, eta normalean horrek ez du zulorik izaten. Gehiegi ureztatuz gero, ontzi hori urez betetzen hasten da eta landarea zimurtzen, horitzen... eta pentsatzen dugu: 'Honi ura falta zaio!' eta benga, gaindosia. Kontuz apaingarritarako ontzi horiekin.

Ureztatzeko lau modu azaltzen ditut Etxeko landareak liburuan. Lehena, landarea gainetik bustitzea. Bigarrena, lurra bustitzea. Baina adibidez, ileak dituzten landareentzat sistema hauek oso txarrak dira, hostoak busti egingo dizkiegulako eta hostoak bustiz gero usteldu egingo zaizkigulako. Adibidez, begoniatan hau maiz ikusten da, hostoetan orbanak izatea. Kasu horietan, gainetik ureztatu beharrean, platerean jarriko diogu ura, berak xurgatu dezan lurpetik.

Hirugarren sistema da hostajea bustitzea. Hosto distiratsu eta leuna duten landareei asko gustatzen zaie ura hostoetan. Hau da tropikoetako ezaugarrietako bat: ur asko hartzen dute airetik, hezetasun handia dagoelako airean, eta lurretik ez dute hainbeste ur hartzen. Landare horiek balkoira atera ditzakegu bustitzera siri-miri epela ari duenean. Tarteka, hamabost egunean behin, etxeko dutxan sartu eta busti on bat eman landareari, euria ari balitz bezala.

Laugarren sistema, oso urzaleak diren landareentzat: ontzi osoa uretan sartzea. Puska batean ur mordoxka hartu dezala bai lurrak eta bai landareak".

Aireko kutsadura garbitzen duten landareak

"Gero eta kutsadura handiagoa dugu airean eta gero eta ikerketa gehiago egiten ari dira, batez ere NASAn, jakiteko ea toki itxietako airearen kutsadura landareen bidez nola garbitu. Landare hauen bidez hainbat produktu kimiko gutxitzea lortzen da: bentzenoa, amoniakoa eta abar. Gero eta gehiago dakigu honi buruz eta landare mordoa dago lan hori oso ongi egiten dutenak. Liburuan aparteko atal batean azaldu ditut zeintzuk diren".

Izenak

"Etxe barruko landareen kasuan, izenak erabat nahastuta dauzkagu. Batek esaten dio izen zientifikotik eratorritako izen bat, beste batek 'amabirjin lorea', beste batek 'txanponaren lorea' txanpon forma duelako hostoak... horregatik jarri ditugu Dani Blancoren argazki ederrak liburuan, guztiok erraz identifikatzeko. Eta Maitane Gartziandiaren diseinua du liburuak.

Euskarazko izenak eman dizkiegu liburu honetan. Orain arte, beste hizkuntzetatik etorritako izenekin izendatzen genituen etxeko landareak. Euskarazko izena duten landareei izen hori mantendu diet, baina euskarazko izenik ez dutenen kasuan, saiatu naiz haien jatorrizko lurraldeetako kulturetan nola esaten dieten topatzen eta izen hori euskarara itzultzen.

Izen zientifikoa ere jaso dugu, oso garrantzitsua baita, horren bidez nahi beste informazio bilatu baitezakegu liburuetan, interneten eta abar. Izen zientifikoari esker, inoiz ez gara nahastuko".

92 landare zaintzeko trikimailuak

Errekondok azaldu ditu etxeko 92 landare zaintzeko beste alor hauek ere: landarea ugaltzeko dauden lau moduak, izaten dituzten gaitzei nola aurre egin, nola egin ongarriketa... informazio hori guztia ematen du Etxeko landareak liburuak, landare bakoitzari eskainitako fitxan.