argia.eus
INPRIMATU
“Jakinda mediku euskalduna nahi dugula, lasai asko jartzen digute erdalduna”
  • Osasunbidean dauden hizkuntza eskubide urraketez mintzatu da Joseba Otano Administrazioan Euskaraz taldeko kidea.

Olaia L. Garaialde 2023ko martxoaren 17a
Argazkia: Dani Blanco

“Osasun etxera deitu duzu, larrialdi bat bada sakatu 1, euskaraz artatzea nahi baduzu sakatu 2 eta gaztelaniaz nahi baduzu sakatu 3 edo itxaron”, dio grabaturiko ahots batek osasun etxera deitzean. 2 zenbakia sakatu arren gehienetan gazteleraz erantzuten du harreran dagoen langileak, eta euskaraz ote dakien galdetzean ezezkoa izaten da erantzuna. “Euskarazko zerbitzurik ez dagoela edo gaizki antolatuta dagoela adierazten du horrek”, azaldu du Joseba Otanok, Administrazioan Euskaraz taldeko kideak. 

“Kexa asko daude medikutan euskaraz egiteko aukerarik ez dagoelako; hala ere, Nafarroako Gobernuan Osasunbidea izango da ziurrenik lanpostu elebidun gehien dituen departamentua”, kontatu du. Gehitu du arreta “asko” aldatzen dela Nafarroako eremu batetik bestera: “Eremu euskaldunean daude gehienak, mistoan oso gutxi eta gainerakoan ez dago”.

Euskarazko zerbitzua urria izateak bi ondorio nagusi dituela salatu du: “Gure nortasuna ukatzen da eta leku batzuetan batzuk hobeto moldatzen direnez euskaraz komunikazio arazoak daude”.

Iruñeko Arrotxapea auzoan esaterako, denbora luzez ibili dira mediku euskaldun eske. 2016. urtean itxialdia eta sinadura bilketa egin zuten, eta manifestazio askoren ostean, 2018. urtean mediku euskaldun bat lortu zuten. Arrotxapean bizi da Otano: “Zegoen mediku euskalduna joan zen eta erdalduna jarri zidaten berriz”. Protesta egin, eta beste mediku euskaldun bat jarri diote: “Jakinda mediku euskalduna nahi dugula, lasai asko jartzen dute erdalduna”.

Eremu mistoan “lorpen handia” dela azpimarratu du, “oso zaila” delako euskarazko zerbitzua jasotzea: “Arrotxapean lortu badugu izan da borrokatu genuelako; egunero borrokatu behar da eskubideak lortzeko”.

Osasuna euskalduntze bidean

UEMA udalerri euskaldunen mankomunitateak osasun arreta euskaraz eskatzeko dei egin die herritarrei. Osakidetzak otsailean egindako inkesta baten arabera, erabiltzaileen %77 inguruk adierazi du zein hizkuntzan jaso nahi duen arreta, eta horietatik %19k adierazi du euskaraz artatzea nahi duela.

UEMAko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erabiltzaileen %60k adierazi du zerbitzua euskaraz jaso nahi duela. Horrez gain, bost herritarretik batek ez du osasunarekiko hizkuntz hauturik; bereziki horiei egin die dei UEMAK.

Herritarren ahalduntzeaz gain, erakunde publikoen lana nahitaezkoa dela azpimarratu du: “Osasun zerbitzua euskaraz jasotzea herritarren eskubidea da, eta beraz, erakunde publikoen betebeharra”.