argia.eus
INPRIMATU
“Jakinarazi iristen zarenean”: emakume guztiek entzun duten esaldia ipuin bihurtuta
  • “Beldurra diogun horri buruz idazteak ausart egiten gaitu, idaztea borroka egiteko modu bat da”, esan du Asun Casasola ipuin lehiaketaren irabazleetako batek. Ostegun honetan banatu dira sariak eta zazpigarren edizio honetan “jakinarazi iristen zarenean” izan da ipuinen gaia, “kaleak emakumeentzat espazio seguru izatea nahi dugulako, libre ibiltzeko dugun eskubidea aldarrikatu”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko martxoaren 11
Ipuin lehiaketaren irabazleak, epaimahaikideak eta ipuin sarituak irakurri dituztenak, erdian Asun Casasola dutela.

“Etxera noa. Bakarrik. Gaua da. Eta beldur naiz”. Horrela hasten da sarituetako baten ipuina, baina beldurretik baino gehiago, ausardiatik eta aldarrikapenetik dute lau ipuin sarituek. Borroka feministan ale bat gehiago izan nahi du Asun Casasola ipuin laburren lehiaketak, eta bide horretan, oraindik asko dagoela egiteko baina etorkizun feministago baterako lanean ari direnak asko direla azpimarratu dute ekitaldian.

Belaunaldi gazteak ez dira atzean geratzen. Gazteenen kategoriak izan duen parte-hartzea nabarmendu dute antolatzaileek eta hainbat ikastetxek beren ikasleak animatu dituzte lehiaketarako idaztera. Guztira euskarazko eta gaztelaniazko 453 ipuin jaso dituzte zazpigarren edizio honetan. Euskarazko lanetan, Iraia Ventura Perez eta Iraitz Legarra Basterretxea izan dira sarituak, gaztelaniazkoen artean berriz, Laia Farra I Coll eta Rosario Ros García.

Asun Casasola, 14 urte borrokan

Asun Casasola irundarra omentzeko abagunea ere izaten da urtero lehiaketa. 2008ko Sanferminetan, José Diego Yllanes iruindarrak Nagore Laffage hil zuen (Casasolaren alaba), Laffagek ezetz esan ziolako Yllanesi, ez zuela harekin geratu nahi. Ordutik, alabaren hilketarengatik justizia egiteko, gertakaria ahanzturan ez erortzeko eta indarkeria matxista arbuiatzeko borrokatu du Casasolak. “Gaur, oraindik ere, pertsona askoren eredua da, baita lehiaketa hau bizirik jarraitzearen arrazoi nagusia ere”, adierazi dute antolatzaileek.

Hunkituta entzun ditu hitzok Casasolak, eta eskerrak eman dizkie halako ekimenak aurrera ateratzen ditzutenei, berdintasuna helburu.