argia.eus
INPRIMATU
Jakin-mina
Aitor Kortabarria 2024ko urriaren 12a

Badira hogei urte irakasle naizela, eta Bigarren Hezkuntzatik gorako maila guztietan aritu naiz eskolak ematen; halaber, gaur da eguna argi ez dudana zein den irakaslearen betebeharra.

Hezkuntza arautuaren eskailera luzean, maila bakoitzak baditu berezko ezaugarriak. Hala nola DBHn lan ohitura egokiak eta garapen pertsonala garrantzi handikoak dira. Batxilergoan ditxosozko azterketa prestatu behar da. Unibertsitatean jakintza teknikoak eta arazoei aurre egiteko gaitasuna lantzen dira, azkenik, Lanbide Heziketan ikasleen autoestimua indartu beharrak eta lan munduratzeak lehen lerroa hartzen dute. Ifrentzuan, ikasketa prozesuan berebiziko garrantzia duen jakin-mina albo batera uzten dugu, areago, sistema arautuan aurrera egin ahala, umeen jakin-mina lurrunduz joaten da.

Paradoxa horri heldu nahian, Lanbide Heziketa metodologia aldaketa sakon batean murgildurik dago. Eginez ikasten denaren lelopean, ikasleak jarri nahi ditu ikasketa prozesuaren erdian; hots, ikaslea aktibatzea da xede nagusia, bide horretan ikasketa esanguratsua lor dezan.

Horretarako, hitz laburretan azaltzeko, irakasleak erronka motibagarri bat sortu behar du, zeharkako konpetentziak lantzeko dinamikak prestatu eta dinamizatu behar ditu. Lana ebaluatzeko, gaitasunak lortu direla frogatzen dituzten ebidentziak jaso eta erronkan zehar ikaslearen ibilbidea bideratu behar du. Sinistu iezadazue, lan handia.

Hezkuntza arautuaren bide berriak nora garamatzan ikusiko dugu etorkizunean, eta jakin-minari lekurik egingo bazaio, galderez inguratutako esparrua izan beharko da, lan munduko eskakizunei itsu-mutuan men egin gabe

Gazte denboran, behin eta berriz entzun nuen “El alumno aprende a pesar del profesor” [Ikasleak ikasi egiten du, irakaslea gorabehera] esaldia. Garai horretan, irakasle txarrak bere burua justifikatzeko erabiltzen zuen esaldia zela pentsatzen banuen ere, orain bestela pentsatzen dut; izan ere, jakin-mina duen ikasleak hala edo nola ikasiko duelakoan nago. Denborarekin xehetasunak lausotuko bazaizkio ere, kontzeptuak barneratuko ditu eta ideia nagusiei denboran eutsiko die. Aitzitik, jakin-minik ezean, ebaluazio sistemaren menpe geratuko da ikaslea, ikasturtean zehar landuriko ideiak lausotuko zaizkio, lan munduan txertatuko da, eta bertan ikasiko ditu aukeratu edo tokatu zaion lanaren nondik norakoak.

Nola barneratzen da jakin-minik ez duen pertsona erronkan? Eta jakin-minik ez badago zertarako hainbeste ahalegin ikasle eta irakaslearen aldetik? Finean, horren guztiaren emaitza: ikaslea urteak joan urteak etorri interesatzen ez zaizkion gaiak lantzen eta irakaslea etsita bere lanaren errendimendu exkaxagatik.

Ez al gara metodologia berrien mozorropean hezkuntza komunitatearen porrota ezkutatzen ari? Gure eskola eta irakasleak prest al daude jakin-mina sustatzeko? Zergatik galtzen dute ikasleek jakin-mina ikasketa prozesuan aurrera egin ahala, kontrakoa behar lukeenean?

Jakin-mina indartsua da eta gizakiok berezkoa dugula deritzot. Batzuetan lozorroan mantentzen da denbora luzez, baina ez da inoiz desagertzen. Badira gure hezkuntza sisteman eta egunerokotasunaren parte diren hainbat eta hainbat faktore, jakin-mina zimeltzen dutenak. Komunikabideek garrantzizkoa dena eta egia absolutua definitzen dituzte. Bizitza perfektu baten isla faltsuaren atzean gure autoestimua amiltzen duten sare sozialak daude. Gizarteak produktibitatearekin duen gehiegizko obsesioa. Onartuak izateko ahalegin nekaezinaren efektu homogeneizatzailea edo bizitzaren abiadan gauzak sakonean aztertzeko eta irakurtzeko hartzen ez dugun denbora.

Horrenbestez, hezkuntza arautuaren bide berriak nora garamatzan ikusiko dugu etorkizunean, eta jakin-minari lekurik egingo bazaio, galderez inguratutako esparrua izan beharko da, lan munduko eskakizunei itsu-mutuan men egin gabe. Areago, bizitza estiloan aldaketa txiki batzuek izugarrizko eragina izan dezaketela ikusita, irakasleok, bederen, saia gaitezen norabide horretan gure ekarpen txikia egiten.

Aitor Kortabarria, irakaslea