argia.eus
INPRIMATU
Jakes Esnalen etxeratzearen alde mobilizatuko dira maiatzaren 19 honetan
  • Ostegun honetan aztertuko du Parisko Dei Auzitegiak presoaren baldintzapeko askatasun eskaera. Karia horretara, Jakes Esnalen aldeko elkarretaratzea antolatu du Bake Bidea-k Donibane Lohizunen.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 19a

Ostegun honetan 19:00tan Donibane Lohizuneko Luis XIV plazan jarri du hitzordua Bake Bidea-k, 32 urte preso daramatzan Jakes Esnalen etxeratzea eskatzeko. Hain zuzen, maiatzaren 19 honetan dute aztertzekoa presoaren baldintzapeko askatasunaren eskaera Parisen.

Martxoaren 9an jakitera eman zuen Frantziako Kasazio Auzitegiak ontzat jotzen zuela Esnalek aurkezturiko helegitea. Hori horrela, baldintzapeko askatasunaren eskaera aztertuko dio Pariseko Dei Auzitegiak maiatzaren 19 honetan. 2020ko irailean eskaera ez zuen aztertu nahi izan auzitegi horrek eta horregatik zuen defentsak helegitea pausatu.

Iragan astean aztertu zuen seigarren aldikoz Ion Parot preso politikoaren baldintzapeko askatasun eskaera Pariseko Zigor aplikaziorako auzitegiak. Prokuradorea kontra agertu zen, beste behin ere, bere ustez presoa ateratzeko "goizegi" delako.

Erantzunak ekainean

Ondoko hitzordu nagusia ekainaren 11n jarri du Bake Bidea-k. Manifestazioa eginen dute Baionan Esnal, Parot eta euskal presoen etxeratzea galdetzeko. Orduan jakinen dira Parot eta Esnali buruzko epaiak.

"Lurralde honen aniztasunaren adierazpen masiboa", bake prozesu honen aldeko "engaiamendu anitza" eta "aintzinatze beharraren adierazpena" izatea nahi dute antolatzaileek.