argia.eus
INPRIMATU
Jakes Esnal preso mantentzea erabaki du Parisko Dei Auzitegiak
  • Hamaika eragile eta jende anitzen eskariari muzin eginda, prokuradoreak ez du jarrera aldatu eta bere helegitearen aztertu ondoren Parisek bertan behera utzi du euskal presoa aske uzteko eskaera.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 24a
(argazkia: Bakegileak)

Jakes Esnal baldintzapean aske uztearen alde agertu zen Zigor Aplikazioaren Auzitegia, ustez sortuko lukeen arriskua “hipotesia” baino ez zelako, bere esanetan. Erabaki horren aurka, baina, helegitea jarri zuen prokuradoreak eta ostegun honetan aztertu du auzia Parisko Dei Auzitegiak. Beste behin frantziar justiziak atzera egin du eta euskal presoa espetxean mantentzea erabaki du.

Azken hilabeteetan eragile politiko eta jendarteko sektore ugarik eskatu dute Esnalen askatasuna. Joan den larunbatean Bake Bideak eta Bakegileek deituta ekintza ikusgarria egin zuten Baionako suprefetura aurrean, Esnalekin batera 30 urtez preso dituzten Ion Parot, Unai Parot eta Xistor Haramburu ere aske uztea eskatzeko. Harrizko murrua eraiki zuten konponbideari ezarritako "blokeoa" irudikatzeko.

Dei Auzitegiaren erabakia jakin orduko Bake Bideak oharra igorri du “erabaki kriminala” dela adieraziz. Bake prozesuaren aldeko mugimendu zibilaren ustez “onartezina” da botere politikoek Esnalen egoera ontzat jotzea. “Azkar erraten dugu: bake prozesuari eta Euskal Herriko gizartearen nahiari egokitua den politika penal bat behar dugu”.

Xistor Harambururen inguruko erabakia ere laster jakitekoak dira eta Bake Bideak mobilizazioa deitu du ostiralean, arratsaldeko 19:00etan Donibane Lohitzunen.