argia.eus
INPRIMATU
Jakes Esnal Lannemezaneko espetxetik atera da, 32 urte preso egin ondoren
  • 32 urte eta erdi preso igaro ostean atera da espetxetik Jakes Esnal. Etxean jarraituko du zigorra betetzen, kontrol neurriekin.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 18a

Abenduan 72 urte beteko ditu Jakes Esnal preso politiko ziburutarrak, eta horietatik 32 espetxean igaro ditu. Etxerat elkarteak gogorarazi duenez, 2020ko maiatzetik egon behar luke aske, auzitegiek hala erabakita, baina fiskaltzak behin eta berriz blokeatu du Esnalen baldintzapeko askatasuna.

Joan den astean Mureteko espetxetik atera zen Ion Kepa Parot bezala, zigorra etxean betetzen jarraituko du Esnalek Lannemezaneko espetxetik atera eta gero, kontrol neurriekin. Eskumuturreko elektronikoa eraman beharko du, besteak beste. Prozesuak bere bidea eginez gero, hemendik urtebetera baldintzapean aske geratuko da Esnal.

Esnalen eta Paroten askatasuna eskatzeko makina bat mobilizazio eta protesta antolatu izan dituzte herri mugimenduko eragileek azkenaldian, uztailaren 23an egindako blokeo eguna kasu. Etxeratek ohar batean azpimarratu duenez, "Haranburu eta Paroten kasuetan bezala, Ipar Euskal Herriko gizarte zibilaren, erakunde eta herritarren bultzadak zerikusi handia izan du haien askatasuna lortzeko, horregatik eskertu nahi dugu egindako ahalegina eta lana".

Parisko Dei Auzitegiak irailean eman zuen Esnalen eta Paroten baldintzapeko askatasunaren aldeko epaia. Erabakiaren balorazioa egin zuten Bakegileek orduan: "Hainbeste itxaroten genuen erabakia iritsi zaigu gaur. Egungo egoera kontutan hartzen duen erabaki judizial hori txalotzen dugu. Eskertzekoa da, ere, gizarte zibilak urtez urte determinazio handiz eramandako lana eta abokatuen determinazioa", azaldu dute.

Bakegileek 2011ko Aieteko konferentziatik gaur egunera arte emandako urratsen errepasoa egin zuten, eta azaldu zuten Parot eta Esnal libre geratzearekin "etapa bat gainditu" dela, baina ez dela amaitu: "Gure lana bururaino eraman behar dugu", adierazi zuten orduan. Hala, Frantziako eta Espainiako Estatuak interpelatu zituzten berriz, "bake prozesuan aktiboki inplikatu daitezen".