Uztailaren 1ean helduko dio Parisko Deia Auzitegiak euskal presoa baldintzapean askatzeari buruzko eskaerari. Gaur zuen erantzuna ematekoa, baina berriz atzeratu du erabakia, CPMS erakundearen iritzia jakin nahi duelako.
Jakes Esnal preso lapurtarra baldintzapean aske uzteko erabakia uztailaren 21era atzeratu du Parisko Dei Auzitegiak. 32 urte daramatza preso Esnalek eta 71 urte ditu; dagoeneko kalean behar luke, baina bost urte daramatza eskari hori egiten eta prozedura behin eta berriz atzeratu diote.
Oraingoan, epaileak CPMS edo Segurtasun Neurrien Diziplina Anitzeko Batzordearen iritzia jakin beharrekoa dela jarri du argudio gisa, Esnalen askatasunaren kontra agertu den prokuradorearen oniritziarekin. Beraz, txosten horren zain, uztailera arte ez da jakingo aske uzten ote duten.
Ekainaren 11n manifestazioa
Bake Bideak gogor gaitzetsi du atzerapen hori: "Jakin, Jakes Esnal Espainiako Estatuan kondenatua balitz gertakari berengatik, jadanik libre litzatekeela". Bere esanetan, prokuradoreak dei egitea dago Esnalen egoeraren atzean: "Zilegizkoa da erabaki horren gibelean diren arrazoien inguruan duda mudak sortzea. Ez dugu onartzen terrorismoaren kontrako logikak eskubideak alde batera uztea, eta estatu mendekuak etengabe irautea".
Ekainaren 11n Baionako manifestazioan parte hartzera gonbidatu dute jendarte osoa, Jakes Esnal, Ion Parot eta beste euskal presoen etxeratzea eskatzeko.
Gaur, Parisko de gorteak ez du kuraiarik izan Jakes Esnalen baldintzapeko askatasuna berresteko, lehen instantzian TAPAT Kondenen aplikaziorako auzitegiak egin zuen bezala. Erabakia2022ko uztailaren 21era gibelatuz#orainpresoak
— Artisans de la Paix #OrainPresoak (@Artisans_Paix) June 9, 2022
Gainera, ekaianaren 15ean beste zita bat dute, Paroten askatasunaren inguruko erabakia hartuko baitu auzitegiak, eta suprefeturaren aurrean elkarretaratuko dira.
EH Baik ere kritikatu du Dei Auzitegiak erabakia atzeratzeko darabilen estrategia, eta Frantziako Gobernuan jarri du ardura guztia: "Ez du konponbide demokratikorako eskaintzarik proposatzen". Baionako manifestaldian "aktiboki" parte hartzeko dei egin du EH Baik.