argia.eus
INPRIMATU
Jaka Horien presioak Frantziako Gobernuak atzera egiterik ez du lortu oraingoz
  • Manifestarien “kexak” entzun dituztela adierazi dute Frantziako Gobernutik, baina datorren 2019ko urtarrilaren 1ean erregaien zergak igotzeko jarrerari “tinko” eusten diote.

IƱigo Igartua @igartua19 2018ko azaroaren 20a
Jaka Horiak errepideak moztuz protestak aurrera eramaten.

Jaka Horien mugimenduak erregaien garestitzearen aurkako mobilizazioekin jarraitu dute gaur goizean. Larunbatean hasi eta Frantziako hainbat hirigunetan ere jarraipena izan duten protestek etenik ez duten arren, Frantziako Gobernuak ez du atzera egiteko inongo asmorik erakutsi momentuz.

Frantziako presidente Emmanuel Macronen aginduz, protesten inguruan ezer ez aipatu eta hartutako erabakiak mantentzeko jokabidea hartu dute gobernukideek. Manifestarien nekea, antolaketa eskasa edota kontraesanak medio, mugimenduak indarra galtzeko itxaropena dute.

2019. urterako, gasolinaren gaineko zerga 2,9 zentimo igo nahi du Frantziako Gobernuak eta gasolioarena aldiz, 6,5 zentimo. Bi zergak bateratzean bilduriko dirua trantsizio energetikoa finantzatzeko erabiliko dela, adierazi du Macron presidenteak.

Hala ere, manifestariek azaldu dute, zerga igoerak “herritarren eroste ahalmena murriztu eta zerbitzu publikoak kaltetzea” eragingo dituela.  Atzo, manifestariek Bidarte, Mugerre eta Baiona inguruko errepide ugari oztopatu zituzten, eta ondorioz, Lapurdi hiriburuko trafikoan arazo handiak eragin zituzten.

Jaka Horiek erregaien zergak ez igotzeko aldarrikapenei segida ematen dihardute gaur ere.