argia.eus
INPRIMATU
Jaka Horien balantzea: 97 zauritu larri
Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2019ko urtarrilaren 21
Jendarme bat manifestari bati gas negar-eragilea botatzen. / Argazkia: cambio16.com

Azaroaren 17an atera ziren kalera lehen aldiz Jaka Horiak. Orduz geroztik, larunbatero Frantziako hiri ezberdinetan mobilizatu dira. Istilu esanguratsuenak, batik bat abenduaren 1ekoa, Parisko Eliseo Zelaien eta Garaipenaren Arkuaren inguruan izan dira.

Reporterre-k adierazi duenez, larri zauritu diren 97 horietatik gehienak buruko kolpeengatik zaurituak izan dira. Erreportajean azaltzen den 28 urteko kazetari bat da horietako bat. Abenduaren 8an gomazko pilota batek kolpatu zuen: “Grabatzen ari nintzela, zer gertatzen zen jakin gabe jendea urruntzen hasi zen, eta konturatu nintzenerako masailean jo zidan gomazko pilotak: bi hilabete egon behar dut ezer jan gabe, baina zortea izan nuen; pasako da”.

Macronen gobernuak izandako krisirik larriena da Jaka Horiena. “Min handia egin die herritarrei”, dio hedabideak. Baina batez ere, gezurretan aritzeak sortu du mina. Christophe Castaner Barne ministroak jendarmeek manifestariak erasotu izana gaitzetsi du: “Ez dut ezagutzen Jaka Horiak erasotu dituen poliziarik”.

Erreportajearen parte da 26 urteko Antoin baionarra, abenduaren 8an poliziak jaurtitako granada baten erruz eskua galdu zuena.