argia.eus
INPRIMATU
Bizi!-k eta Jaka Horiek Monsanto enpresaren sarrera blokeatu dute
  • Monsanto enpresak Peyrehorade herrian (Okzitania) duen egoitzaren lau sarrerak oztopatu dituzte goizeko 5:45ak bueltan.

IƱigo Igartua @igartua19 2019ko urtarrilaren 14a
Jaka Horiak Peyrehoradeko Monsantoren enpresaren aurrean. Argazkia: @bizimugi

Jaka Horiek eta Bizi! mugimenduak Monsanto enpresaren Peyrehoradeko lantegiko sarrera guztiak blokeatu dituzte astelehen goizaldean. Bizi mugimendutik adierazi dutenez, enpresak “ingurumenari eta osasunari eragiten dion kaltea” salatzea izan da protestaren helburua.

Azken protesta hauen eta larunbateko manifestazio jendetsuen ostean, Txaleko Horien mugimenduak indarra berreskuratu duela dirudi. Frantziako Barne Ministerioaren arabera, 84.000 pertsonek hartu zuten parte larunbateko protestetan, horietatik 8.000 Parisen, eta 201 atxilotu izan ziren.

Frantziako hiriburuko protestez gain, mobilizazio handia izan zen 70.000 biztanle baino gutxiago dituen Bourges hirian ere. Udalak edozein motatako elkarretaratzeak debekatu arren, 5.000 lagun inguru bildu ziren bertan.

Hiriburuaz harago, “Frantziako probintzien” ondoeza sinbolizatzeko kanpaina bat zabaldu zuten, Bourgesen mobilizatzera deitzen zuena. Horrek, polizia agenteen jomugan jarri zuen Bourges hiria.

Frantziako Gobernuaren erantzuna

Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak pasa den astelehenean iragarri zuen, Frantziako Gobernuak "lege berri bat" aurkeztuko duela txaleko horien mobilizazioetako manifestari “iskanbilatsuen” aurkako zigorrak gogortzeko.

Txaleko horien mobilizazioak hasi zirenetik 1.000 zigor eta 5.600 zaintza agindu igorri direla ere gogorarazi du Philippek. "Manifestazio hauek gauzak apurtzeko edo erretzeko baliatzen dituzten pertsonak egotea onartezina da, instituzioak desafiatzen ari dira" kritikatu du lehen ministroak.

Manifestarien protestak indarkeriaz eta jarrera oldarkorrez erantzuten jarraitzen du Frantziako Gobernuak. Horren adibide, polizia frantsesak larunbatean Bordelen jipoitu zuen emakumearen aurkako erasoa.