argia.eus
INPRIMATU
Jaizkibeli ere harrera egin dio lehen aldiz Hondarribiko alkateak
  • Arartekoak ostiralean jakinarazi du azkenean ez duela alarde baztertzailea agurtuko. Halere, Hondarribiko alkateak, Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen sailburuordeak emakumeak baztertzen dituen alardeari harrera egin diote.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko irailaren 08a
\"Hau ez al da guztiona?\" pankarta eseki dute Jaizkibel zezen plaza aurretik igarotzean. (Argazkia: Antxeta irratia)

Lehen aldiz harrera egin dio Hondarribiko udalak Jaizkibel konpainiari. Igor Enparan Abotsanitz alderdiko alkatearekin batera, besteak beste, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Manuel Lezertua Arartekoa, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, Xabier Ezeizabarrena batzar nagusietako presidentea eta Jose Antonio Rodriguez Ranz Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen sailburuordea izan dira.

Maiatzeko hauteskundeez geroztik dago udal gobernuan Abotsanitz alderdia. Azken urteetan EAJk izan du alkatetza, eta ez dio sekula harrerarik egin konpainia parekideari. Aurten ere Hondarribiko EAJ ez da Jaizkibel agurtzera azaldu. bai ordea Udalbatza osatzen duten gainerako alderdiak (EH Bildu eta PSE-EE).

Konpainia Gernikako Arbolatik abiatu da lehen aldiz. Harrera, berriz, eliza atarian egin diete estreinakoz, alarde baztertzailea agurtzen duten leku berean. Bertan jakinarazi du arartekoak aurten ez diola alarde baztertzaileari harrerarik egingo; lehen aldiz zen hari hori egitekoa. Harrera egin diote, ordea, Enparanek, Mendozak eta Ranzek.

1.300 pertsona inguruk hartu dute parte Jaizkibelen. Pozik agertu da konpainia. Hala ere, Nora Ferrerira kapitainak adierazi du alkateak alarde baztertzaileari ere harrera egitea ez dela "hautu neutroa".

Bidasoako Hitzaren bideoa:

27 urte igaro dira 26 emakume soto batetik atera eta Hondarribiko alardean sartu zirenetik. Kolpeka eta irainka hartu zituzten "betiko alardea" defendatu zutenek, eta ordutik Jaizkibel konpainiak eta alarde baztertzaileak bereizita desfilatzen dute. Gaur ere izan da Jaizkibel konpainiari bizkarra eman dionik, nahiz eta txaloak izan diren nagusi.