argia.eus
INPRIMATU
Amezti
Jaizkibelgo jatorrizko ameztia berreskuratzeko lanean
  • Herri eta bailara askotan ari dira bertako basoen aldeko mugimenduak sortzen, eta horietako gehienak Baso Biziak plataforman bildu dira. Bada, pizkunde horren baitan, Jaizkibel inguruan lehenagotik lanean ari zen pertsona talde bat elkartu eta Amezti taldea sortu zuten iaz. “Urteak generamatzan pertsona batzuk hemengo basoa berreskuratzeko ahaleginetan lanean, eta justu iaz, gogotsu zegoen jende gazteagoarekin elkartu eta baso bizien aldeko mugimenduak animatuta, taldea sortu genuen”, azaldu dute proiektutik. Momentuz, Lezoko jendea dabil taldean, baina haien asmoa Jaizkibel mendi osoari begirako proiektua bultzatzea da. Urtarrilaren bukaeran baso bizien astea antolatu zuten.

Garazi Zabaleta 2023ko otsailaren 09a

Jaizkibel inguruan ameztia zen nagusi garai batean, baina gaur egun ezer gutxi gelditzen da lehengo baso hartatik. “Amezti ilaratxo gutxi batzuk besterik ez dira gelditzen, Hondarribi aldera txokoren bat ere bada, baina oso eskasa da”, diote. Hariztia ere urria da, batez ere terreno pribatuetan eta elkarren arteko loturarik gabeko orban txiki moduan dago. Itsas pinua da nagusi Jaizkibelen, eta horrekin batera, intsinis pinua, nahiz eta galtzen joan den azken urteotan. “Ia ez dago bertako basorik, baina, aldi berean, nabarmena da gu azken urteotan lanean aritu garen eremuan basoa beste egoera batean dagoela”, adierazi dute.

Izan ere, Iparragirre izeneko lur-eremuan urteak daramatzate bertako espezieak landatzen eta basoaren berreskurapen naturala laguntzen. “Bazeuden haritzak, lizarrak, urkiak eta hazia ematen duten landareak, eta guk ametza ere sartu dugu. Oraindik baso gaztea da, baina honezkero ikusten da beste partzeletan ikusten ez den aberastasuna”, diote. Hain justu, Satrustegi familia aberatsaren 22 hektareako lursailaren parte da, herriarekin muga egiten duena, azken urteetan berreskuratzen joan direna. “Jaizkibelerako oinezko bideak hortik doaz, eta herritarrok betidanik erabili izan dugu baso hori. Erabili, ez ustiatu”, azpimarratu dute.

Lurrak desjabetzeko eskaera

Urtarrilean eskaera egin zioten Ameztik eta Etxetxo Lezoko Memoria Historikoaren taldeak udalari: Satrustegitarren 22 hektareako lur eremua desjabetu dezala. “Basoaren garrantziaz gain, eremu horretan gerra ostean errepidea egin zuten presoek eraikitako hormak daude, eta memoria hori berreskuratzeko auzolanak ere egin izan ditugu”, diote. Gainera, lursailaren beheko partetik pasatzen den errekatik edan du historikoki Lezoko herriak, eta, gunearen interes hidrografikoa ere aldarrikatzen dute taldeek.

“Dena dela, guk eskatzen dugu udalak edo beste erakunderen batek lursail hori eskuratuko balu, kudeaketa guk eraman ahal izatea, ikusten ari baikara beste toki batzuetan jabetza publikoko lurretan ere astakeria handiak egiten ari direla”, diote. Eskaerak ez du erantzunik jaso, momentuz. Bitartean, baina, taldeak ez daude geldirik: auzolanekin jarraitzeko asmoa dute, eta eskala txikiko ametz mintegia martxan jartzeko asmotan dira, landare hori lortzeko zailtasunak baitituzte. “Beste toki batzuetan topatu daiteke, baina hona egokitutako landarea behar du”.