argia.eus
INPRIMATU
Jaizkibelek instituzioei erantzukizuna hartzeko eskatu die, larunbateko Hondarribiko erasoen ondoren
  • Hondarribiko Alardearen biharamunean oharra argitaratu du Jaizkibel konpainia parekideak, larunbatean jasandako erasoa salatuz. “Hondarribiko Kale Nagusian bizitakoak atzera doan olatu baten alderdirik bortitzena erakutsi zuen”, adierazi du Jaizkibelek idatzian.

ARGIA @argia 2018ko irailaren 10a
Jaizkibel Konpainiako kide ugarik beldurra pasa zuten Kale Nagusian, Alarde parekidearen kontrako presioarengatik (argazkia: Bidasoaldeko Hitza).

Plastiko beltzak, txistuak, irainak eta kazetarien kontrako erasoak: aspaldiko Alarderik gogorrena jasanarazi zioten Jaizkibel konpainiari joan den larunbatean Hondarribiko Kale Nagusian. Urtetik urtera errepikatzen den egoera horren erantzule instituzionalak salatu ditu konpainia parekideak Facebooken argitaratu duen ohar baten bidez.

“Udalari eskatu izan diogu guk erantzukizuna, Udala okertutako eta oker kudeatutako egoeraren sortzaile baita”, adierazi dute: Borja Jauregi, Aitor Kerejeta eta Txomin Sagarzazu alkateen izenak nabarmendu dituzte, “guztiak erantzule” direla azpimarratuz.

“Baina olatu atzerakoia handitzen eta inpunitate betean aurrera jarraitzen uzten diona Barne Saila da” Jaizkibelen ustez, Ertzaintzak ez duelako bi hamarkadatan jazarpena geldiarazteko behar bezalako neurririk hartu. Jaizkibelen ustez, Iñigo Urkullu EAEko Lehendakaria bera da egoeraren “azken erantzulea”.

Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Jaurlaritzari “behingoz boto eta botere kontuak albo batera uzteko” eskatu diete “eta arazo honen konponbidea bideratzeko. Nahikoa da eta”.