argia.eus
INPRIMATU
Jaizkibel konpainiari isunak jarri dizkio Jaurlaritzak Mozal Legea erabiliz
  • Hondarribiko Alardeko Jaizkibel konpainia parekideak salatu duenez, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak isunak jarri dizkie konpainiako bi kideri.

ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 22a
Ertzaintzako agenteak iazko Hondarribiko Alardean. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak konpainia parekidearen kontra egin du Mozal Legea erabiliz.

Gainera, Jaizkibelek salatu duenez, joan den irailaren 8an desfile parekidea babesten aritu ziren beste hiru lagunek ere isunak jaso dituzte.

Konpainiako kideek jaso dituzten zigorrei dagokienez, Jaizkibelek informatu du ondoko arrazoiengatik jarri dituela isunak Ertzaintzak: ibilbidean hainbat lagunek bat egin zutela Jaizkibelen desfilearekin, konpainiaren uniformea jantzi gabe eta “egoera horrek publikoaren txistuak eta oihuak areagotu” zituela.

Azken urteetako Alarderik gogorrena eta polemikoena izan zen 2018koa: zenbait urtez emakumeek gizonen pare parte hartzen duten konpainiaren kontrako boikota intentsitatez jaisten joan ondoren, iazko edizioan Jaizkibelen kontrako jazarpena indartu egin zen.

Gertaera horien ondoren datoz Jaizkibelen aurkako isunak. Konpainiak ostiral honetan prentsaurrekoa deitu du egoera honen aurrean egingo dutena esplikatzeko. 17:30ean izango da Hondarribiko Kale Nagusian eta herritarrei dei egin diete agerraldiarekin bat egitera.

Plastiko beltzen atzekoek ere jaso dituzte isunak

Urtero Jaizkibel konpainiaren aurkako boikota antolatzen duen Hondarribiko Emakumeak taldeak ere isunak jaso dituela dio Facebook bidez publiko egin duen ohar batean.

Emakumeek alardean parte hartzearen aurka dagoen talde horrek dioenez, haiei ere Mozal Legea aplikatu diete.