argia.eus
INPRIMATU
Jaizkibel konpainiako kideek ez dituzte ordainduko Jaurlaritzak Mozal Legearekin jarritako isunak
  • Hondarribiko Alardeko Jaizkibel konpainia parekideak ostiral arratsaldean jakinarazi du ez dituela ordainduko Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailak Mozal Legea erabiliz konpainiako bi kideri ezarri dizkien isunak.

ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 26a
Herritarrez inguratuta eman zuen prentsaurrekoa ostiralean Jaizkibel konpainiak (argazkia: Alba Fatuarte).

Oihana Etxebarrieta Jaizkibel konpainiako kapitainak eta Izaskun Larruskain kapitain ohiak hitz egin dute ostiralean hedabideen aurrean. Hain zuzen ere, Jaizkibeleko bi kide horiek izan dira isuna jaso dutenak, 200 eurokoa bakoitzak.

Iazko irailaren 8an, Hondarribiko Alardea ospatzen den egunean, hainbat lagunek bat egin zutela Jaizkibelen desfilearekin, konpainiaren uniformea jantzi gabe eta “egoera horrek publikoaren txistuak eta oihuak areagotu” zituela argudiatu zuen Jaurlaritzako Segurtasun sailak bi kideei ezarritako isunean.

"Sinestezina egiten zaigu guri leporatzea aurretik beste batzuek plastiko beltzen atzean ezkutaturik martxan jartzen duten erasoa. Horiek dira erantzule. Ez Jaizkibel konpainia", adierazi du Larruskainek.

Ostiraleko prentsaurrekoan Jaizkibelek adierazi duenez, ez dute onartzen leporatzen zaiena eta ez dute isuna ordainduko. "Bi isun hauekin Jaurlaritzak gizon eta emakumeon parekidetasunaren aldeko borroka zigortu nahi izan du", adierazi dute.

Beste hiru lagunek ere jaso dituzte isunak, Jaizkibeli babesa adierazten saiatzen ari zirenean izandako istiluengatik. Horren harira, prentsaurrekoan esker ona adierazi diete emakumeek gizonen pare desfilatzen duten konpainiari babesa emateagatik "eta bereziki Kale Nagusiko egoera gogorrari aurre egiteagatik".

Agerraldia bideoan jaso du Hondarribiko Hitzak.