argia.eus
INPRIMATU
Jaizkibel konpainiak lehenbiziko entsegu jendetsua egin du igandeko Alardea prestatzeko
  • Hondarribiko Alardean emakumeek gizonen pare desfilatu dezaketen konpainia bakarrak lehenbiziko entsegua egin du astelehen honetan. Parte hartzaile askorekin ibili dira herriko kaleetan barrena eta ez da istilurik izan Alarde baztertzailearen aldekoekin gurutzatu direnean.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 03a
Jaizkibel konpainia Hondarribiko San Pedro kalean Alardea prestatzeko lehen entseguan.

Irailaren 8an ospatuko den Hondarribiko Alardea prestatzeko lehenbiziko entsegua egin du Jaizkibel konpainia parekideak. Ikusmina zegoen, iazko Alardean herriko kale nagusian jasan zuten jazarpenaren ondoren aurten animoak nola egongo ziren. Eta entsegua hasi baino lehen, askok nabarmendu dute parte hartzaile kopuru handia.

Entsegurako formatu ondoren, Oihana Etxebarrieta konpainiako kapitainak hitza hartu du: “Badakigu garaipena gurea dela, baina egiteko asko daukagu oraindik”, adierazi die Jaizkibeleko kideei.

Konpainia geroz eta handiagoa bihurtzen ari dela ikusirik, eta iaz txistu eta irain artean partaide askok bizi izan zituzten estuasunak kontuan hartuta, aurten ohiko agintedun postuez gain, arduradunen figura ere izango dela esplikatu du kapitainak. “Elkar babesteko eta elkar laguntzeko” zeregina izango dute arduradunek, Alardeak irauten duen bitartean partaide guztiek festa lasaitasunez egin ahal izateko. “Elkar lagunduz eta elkar babestuz geroz eta konpainia handiagoa egingo dugu”, esan du Etxebarrietak.

Herritar batzuk bizkarra emanda

Entseguaren lehen zatia Alde Zaharrean egin ondoren, San Pedro kalean sartu da Jaizkibel. Entsegu-egunetan Alarde baztertzailearen aldeko pertsona gehienak kale horretan egoten dira, emakumeek kantinera gisa bakarrik parte har dezaketen desfileak ikusten.

Jaizkibel konpainia handik pasa denean, herritar batzuek bizkarra eman diote, beste batzuek txalo egiten zuten bitartean. Nolanahi ere, ez da istilurik izan eta konpainia parekideak espero bezala bukatu du entsegua.

Beste bi entsegu egingo ditu Jaizkibelek irailaren 8aren aurretik: astearte arrats honetan lehenbizikoa eta ostegunean bigarrena.