argia.eus
INPRIMATU
Jaizkibel konpainiak aurrera egin du aurten ere: “Inoiz ez genuen plaza horrela bete”
  • Hondarribiko alardean konpainia parekide bakarrak egindako desfilea oso jendetsua izan da eta txalo artean hartu dute ibilbidean zehar.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 08a

Inoiz baino jende gehiagok hartu du parte Jaizkibel konpainian aurten. Bi urtez Hondarribiko alardea ospatu gabe egon ondoren, 2019 urteko irudiak gainditu ditu konpainiak eta jendetza bildu da, mila lagunetik gora, zenbaiten arabera.

Duela hiru urte bezala, aurten ere ez da plastiko beltzik izan Kale Nagusian barrena abiatu direnean eta konpainiaren aldeko oihuak eta babes keinuak ugariak izan dira. Bertan bildu dira, baita instituzioetako ordezkari ugari ere, babesa ematera.

Konpainiaren kapitain Oihana Etxebarrietak adierazpenok egin ditu Fokuk grabatu eta Naiz.eus-ek argitaraturiko bideoan:  "Goiza zoragarria izan da. Jaizkibel gero eta handiagoa den konpainia bat da. Ez dakit zenbat garen, baina inoiz ez genuen plaza horrela bete".

Etxebarrietak nabarmendu du konpainiatik kanpo geroz eta jende gehiago dagoela Jaizkibelekin bat egiten duena: "Bereziki, Hondarribian, egoera honen konponbidearekin bat egiten duena". Hala, Hondarribiko alkateari eskatu dio martxan jar dezala elkarrizketa prozesu bat "ez dezagun itxaron beste urtebete honi behingoagatik soluzioa emateko".

2018an bizitako edizio liskartsua kenduta, Jaizkibel konpainiak gero eta normaltasun handiagoz desfilatzen du Hondarribiko kaleetan, azken urteetako irudietan ageri denez, baina oraindik beste ordutegi batean egin behar izaten du ibilbidea.