argia.eus
INPRIMATU
Jaizkibel eta mundua desmilitarizatzeko martxa, igandean
  • Jaizkibelgo eremu militarrerako martxaren laugarren ekitaldia igandean egingo dute. 10:00etan abiatuko dira Lezoko Gurutze Santuaren plazatik.

Oarsoaldeko Hitza Urko Etxebeste 2019ko maiatzaren 31
Argazkia: Urko Etxebeste (Oarsoaldeko Hitza)

   Albiste hau Oarsoaldeko Hitzak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.   

Oarsoaldeko hainbat eragilek deituta, Jaizkibel mendia eta mundua desmilitarizatzeko martxa egingo dute igandean Lezotik, Jaizkibelgo militarren eremura. 10:00etan abiatuko da martxa Gurutze Santuaren plazatik, eta 11:00etan mendiko militarren zonaldean ekitaldia egiteko asmoa dute. Jaizkibel militarrik gabe eta herriaren erabilera askerako erabiltzea aldarri duen iniziatibaren laugarren ekitaldia izango da.

Atzo aurkeztu zuten martxa. Deitzaileek nabarmendu zuten azken hilabeteetan baimenik gabeko lanak egin dituztela militarren eremuan, “horrela baieztatu dute Pasaiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak”. Kalteekin jarraituz, 2014an Guardia Zibilak eragin zuen suteaz mintzo ziren agerraldian. Epai bidea hartu zuen horrek, baina salaketa jarri zutenek, etsita, kasua bertan behera uztea erabaki zuten, “naturgune babestu bezala izendatutako eremuan egindako lege hausteek zigorgabetasun osoa dute, indar militarrek egindakoak direnean”.

Militarrek, halaber, mendiari tratu txarra ematen diotela azaldu dute martxaren antolatzaileek, “gure mendian entrenatzen dira, gero beste herrialde batzuetara joan eta eraso belikoak burutzeko”. Maiatzean soldaduak ikusi dira Lezon eta Oarsoaldean, herri bideetan, kamuflaje itxurarekin eta armak eskuan: “Loiolan akuartelatua dagoen Sicilia erregimenduaren erdia Persiar Golkora abiatuko da aurten operazio militar bat gauzatzera”.

Espainiako ejerzitoak Gipuzkoan 300 urte daramatzala adierazi zuten atzoko agerraldian, 1926tik Loiolako kuartelean. Eta haien zeregina “Espainiako nazioaren batasuna” bermatzea dela adierazi zuten, adibideak jarriz: “Francoren altxamenduaren indar izan ziren, 40 urteetako diktadura eta errepresioa besterik ez digute ekarri, eta adibidez, Katalunian, independentzia aldarrikapenak kontrolatu dituzte Guardia Zibilari eta Espaniako Poliziari laguntza emateko planean”.

Bestelako arrazoiak

Militarrak Jaizkibeldik eta mundutik kanpo nahi dituztela aldarrikatzeko beste hainbat arrazoi aipatu ziren atzoko agerraldian. Horien artean dago Euskal Herriak ejerzitoari eta NATOri eman beharreko dirutza hitzarmen eta kupoen bidez. Alta, Euskal Herrian industria militarrari lotutako 100 enpresa baino gehiago daudela adierazi zuten, eta erakunde publikoek horiek babesten dituztela. Banketxeek herritarren aurrezkiak enpresa horietan inbertitzen dituztela salatu zuten, eta aldi berean, Espainiako Estatuak 18.200 milioi dolar bideratu zituela iaz gastu militarrera: “Batzuen negozio eta botere grinak, besteen miseria sortzen du. Kolonialismo ekonomikoa sustatzen duen militarismoak beren sorterriak uztera behartzen ditu herritarrak, eta ihesean, muga militarizatuek bidea oztopatzen diete”.

Horren adibidetzat Biarritzen G7ak egingo duen batzarra jarri zuten atzo, “euren interesak babesteko ejerzito-polizia mertzenario armatuak erabiltzen dituzte borroka sozialak zigortzeko eta kriminalizatzeko”.

Oarsoaldeko hainbat taldek eta eragilek bat egin dute martxarekin. Behean, orain arte atxikimendua adierazi dutenen zerrenda (gehiago biltzen ari dira):

  • Girizia Mendi Taldea.
  • Eguzki.
  • Oiartzungo Gaztetxea.
  • Tiñelu elkartea.
  • Xoxolur Mendi Taldea.
  • Bixi-Bixi Kultur Elkartea.
  • Etxetxo Lezoko Memoria Historikoaren Taldea.
  • Lezoko eta Pasaiako EH Bildu.
  • Ezker Anitza.
  • Txerrimuño gune autogestionatua.
  • Lurraren Orena.
  • Amankomunak.