Nork irabazi du sezesio plebiszitua? Inork ez, ez baietzak ez eta ezetzak. Halere, horrelako kasuetan, batez ere aldebakarreko independentzia aldarrikapen baten ostertzarekin, baietzak gutxienez gehiengo osoarekin irabazi behar du nazioarteari mezu indartsua bidaltzeko.
Jarraian pasaden igandeko hauteskunde emaitzak aztertzeko hiru gako azalduko ditut eta azkena tratatzerakoan etorkizunerako hiru eskenatoki posible aurkeztu:
1) Lehenengo aldiz historian Kataluniak herrialde gisa bere estatus politikoari buruz erabakitzeko eskubidea egikaritu du, ondorioz, hemendik aurrera gai hau erabakitzeko subjektu soberanoa bilakatu da igandeko hauteskundeak plebiszitarioak izan zirelako. Hona hemen hiru froga:
a) Partehartzearen datuak: inoiz Kataluniako parlamenturako hauteskunde batzuk izan duten partehartze handiena izan da (%77,44) eta lurralde horretan Trantsiziotik gaur egun arte egon direnen artean bigarrena izan da partaidetzan, altuagoa bakarrik 1982koak izan ziren, Felipe González Espainiako gobernuko Presidente bilakatuz Trantsizio demokratikoa amaitu zutenak.
b) Alderdien emaitzak: Lehenengo bi hautagaitzak, Junts Pel Sí eta Ciutadans, programa politiko bat baino baietza eta ezetza ordezkatzen zituzten. Bien programa politikoek ez zuten garrantziarik, horregatik ezkerretik eskumara doazen sentsibilitate politiko desberdinetako botoak jaso dituzte. Beraien indarra plebiszituari eman beharreko erantzun zuzenean zegoen: bai edo ez. Horrez gain, PPren mezua antzekoa izan da, Xavier García Albiol-ek behin eta berriro errepikatzen zuen sentsibilitate ideologiko guztiek tokia zutela bere boto-paperean Espainiako batasuna defendatzeko. Beraz, 98 diputatuk (Parlamentuaren %72,6ak), independentistek proposaturiko plebiszituari erantzuteko ordezkariak baino ez dira. Horiei, CUPek atera dituen 10 diputatuak erantsi behar zaizkie, izan ere, hautagaitza honek programa izan arren, honekin batera galderari erantzun garbi bat planteatzen zion: Bai. Ondorioz, 108 diputatuk (Parlamentuaren %80ak) planteatutako galderari erantzuteko hautagaitzek ordezkatu dute. Gainontzeko 27 diputatuak (%20ak) galderari zeharkako erantzuna eman diote noizbehinka, baina, garbi dago kanpaina ez dutela galderari lotua egin, bai ordea programa politiko konplexuago bati: PSC zentro-ezkerreko aukera federalista ez soberanista bezala eta CSQEP klase xeheen defendatzaile bezala federalismo soberanista planteatuz.
c) Emaitzen interpretazioa: bertsio desberdinak entzun ditugu, baina alderdi guztiek eta atzerriko herrialde gehienetako hedabideek interpretazioaren zutabe bakar edo nagusietako bat bezala plebiszitu irakurketa egin dute.
2) Prozesuak irabazi du, baina foiletoiak jarraitzen du emaitzak ez daudelako garbi.
a) Nork irabazi du sezesio plebiszitua? Inork ez, ez baietzak ez eta ezetzak. Halere, horrelako kasuetan, batez ere aldebakarreko independentzia aldarrikapen baten ostertzarekin, baietzak gutxienez gehiengo osoarekin irabazi behar du nazioarteari mezu indartsua bidaltzeko, izan ere, independentzia eskuratzeko bi baldintza behar dira: indarkeriaren monopolioa eskuratzea lurralde batean eta nazioarteko aitortza izatea. Botoetan oinarrituriko aldebakarreko sezesio aldarrikapenak sostengatu direnean, gutxienez parlamentuan edota erreferendumean bi hereneko gehiengoarekin egin dute. Horri erantsi dakioke Kataluniako estatutuak aldaketarako zehazten duen bi hereneko gehiengoa. Baltikoko herrialdeek gehiengo legal hori zehaztuta zuten ere bai, horregatik langa hori gainditzeko erronka finkatu zuten. Beraz, Kataluniako %47,74a (ia bi miloi pertsona) ez da nahikoa independentzia gauzatzeko, bai ordea sezesio prozesuarekin aurrera jarraitzeko, baldin eta independentistak gobernua osatzeko gai badira eta duten gehiengoa baliatzen badute.
b) Nork irabazi ditu hauteskundeak? Independentistek diputatuetan eta ondorioz, litekeena da historian lehenengo aldiz gobernu independentista bat egotea Katalunian. Aukera honek argi uzten du Espainiak Kataluniarekin arazo bat izaten jarraituko duela, nahiz eta plebiszituaren emaitza argi ez egon, edo hain zuzen ere horregatik. Madrilek sezesioari buruz edota estatus berri bati buruz erreferendum bat adostu ezean, prozesuak jarrai dezake legalitate berri bat eratuz independentziari buruzko galdeketa bat egiteko edota konstituzio bat onartzeko. Hau da, Kataluniako estatua eraikitzeko prozesuak jarraituko du aldebakarreko estrategia bidez.
3) Estatu katalanaren jaiotza dator: hiru eskenatoki posible.
a) Aldebakarreko bidea urratuz Estatu katalan independentea eraikitzen da. Sezesionismoaren erronkari Espainiako gobernuak emaniko erantzuna baldarra eta traketsa izan da hasieratik (ikusi irudia beherago). Orohar, Estatu espainiarrak aldebakarreko dinamika geroz eta beranduago hausten badu, orduan eta legitimitate gehiago galduko du Katalunian eta orduan eta independentismoak gehiago indartuko du bere babes soziala. Madrilek hasierako unetan aldebakarreko dinamika hautsi eta prozesua bere legalitatearen pean hartzeko hautua egin balu, Kataluniarentzako estatus berri bati buruz edota independentziaren inguruko kontsulta bat antolatuz, baldintzak inposatzeko indarra handiagoa izango zukeen. Hori egin ez duen heinean, bere legitimitatea, legalitatea eta baldintzak inposatzeko indarra ahulduta dago.
2005etik hauteskunde desberdinetan Kataluniako gizartearen gehiengo zabal batek (bi herenetik gora) argi adierazi du egungo estatus politikoarekin ez dagoela pozik eta Kataluniarentzat aitortza nazionala eta burujabetasun gehiago nahi duela. Eskaera hauen aurrean ezetza izan da Estatu espainiarrak eman duen erantzun bakarra. Alternatiba bakarra aldebakarreko estrategiatik etorri da, izan ere, hirugarren bidea ez da existitzen Espainiaren partehartzerik gabe. Horregatik, balizko gobernu independentista berriak aldebakarreko estrategian sakonduz, Estatu katalana eraikitzen joan ahala, hirugarren bidearen defendatzaile diren horiei posizio hartzera derrigortuko die, batez ere Espainiatik inolako proposamen seriorik etortzen ez bada. Baldintza hauetan hirugarren bideko ordezkari gehienak (gaur egun Catalunya Si Que Es Pot-ek ordezkatuak nagusiki, baina baita ere PSCko sektore batzuk) lotu egingo dira Estatua eraikitzeko prozesuan.
Espainiako hauteskundeen ostean ezin dira espero mugimendu garrantzitsuak arazo nazionalean, izan ere, erreforma konstituzional serio bat hasteko eta Kataluniari proposamen erakargarri bat egiteko PP eta Ciudadanosen artean gehienez diputatuen heren bat izan beharko lukete, eskenatoki pentsaezina. Horrelako egoera baten aurrean, hirugarren bideko boto-emaileek independentismora lotzeko pizgarri asko izango dituzte eta politikariez ari baldin bagara oraindik eta gehiago. Kontutan izan behar da hauetako asko politikaren profesionalak direla eta beraz, sezesio prozesua ez da kontu politiko bat soilik, ogibide arazo bat da batez ere. Sezesio prozesu askok erakutsi dute hirugarren bideko defendatzaileek aldebakarreko estrategiari aurre egiteko proposamen seriorik ez datorrela ikusita, azkenean independentismora pasatu behar izaten dutela sistema politikoan bizirik iraun nahi badute, ogibidea defendatu nahi badute alegia.
Gauzak horrela, 18 hilabete barru edo beste uneren batean Aldebakarreko Independentzia Aldarrikapena (AIA) sostengatzeko botazioa egiten bada legebiltzarrean, litekeena da oraingo 72 diputatuen gehiengoa baino zabalagoa batek ematea sostengua, CSQP eta PSCko zenbait diputaturen aldeko botoarekin. Une horretatik aurrera garbi dago erabakia berresteko (sezesiorako edo konstituzio berri bat onartzeko) erreferendum bat egin beharko litzatekela, Kataluniako Parlamentuak deituta edota probabilitate handiagoa duena, Katalunia eta Espainia artean adostua Mendebaldeko herrialdeek Madril presionatu-derrigortu ostean. Hori bai, Espainia oso ahulduta egongo litzateke baldintzak inposatu ahal izateko eta independentismoa oso indartsu iritsiko litzateke. Eskenatoki honetan Errepublika katalan independentea errealitate bilakatzeko aukera asko izango lituzke.
b) Estatu katalan berria eraikitzen da eta, ondoren, Espainiarekin konfederatzen da autodeterminazio eskubidea onartuta. Eskenatoki honetan ez dago zertan AIA bat egin beharrik (nahiz eta egon daitekeen ere bai), baina aldebakarreko estrategiaren oinarria behintzat ez da AIA bat egitea: ez delako ikusten posible 72 diputatuen babesa handitzea edota aurretik erabaki delako sezesio bideratzea Estatu katalanaren konstituzio berri baten bidez, errazagoa izan daitekeelako elementu demokratiko eta sozialekin hirugarren bideko ezkertiarren babesa biltzea. Konstituzio berriak baina, aldez aurretik independentzia aldarrikatu ez bada, bi hereneko (90 diputatu) gehiengoak babestu beharko luke oraingo estatutuak gehiengo hori finkatzen duelako aldaketak egin ahal izateko.
Ondoren, erreferendum konstituzional batek berretsiko luke eta A eskenatokiaren antzeko bidearekin independentzia izan daiteke amaiera, baina bada beste aukera bat, desesperazioaren erdian eta kanpo presioen pean Espainiak Estatu katalan berriarekin konfederazio akordio bat (izen desberdinak hartu ditzake) sinatu dezake bere autodeterminaziorako eskubidea aitortuz (seguruenik urte batzuetako kadentziarekin, hau da, hiru, lau edo bost urtetan ez erabiltzeko konpromisoarekin). Kataluniak ez luke independentzia eskuratuko kolpe batean, baina lehenago edo beranduago bigarren kolpean espero daiteke independentzia ailegatzea.
c) Espainiar legalitatearen baitan Estatu katalana sortzen da federazio asimetriko baten parte gisa eta erabakitze eskubidea onartu egiten zaio. Madrilek abenduko hauteskundeen ostean aldebakarreko dinamika hautsi egiten du prozesua bere legalitatearen baitan egokitzeko. Erreforma konstituzional serio bat ekiten du eta Kataluniari proposamen erakargarri bat egiten dio, estatus berri bat proposatuz eta bere sezesiorako erabakitze eskubidea onartuz Kanadako argitasun legearen ildotik.
BUKATZEKO: Une honetan, hiru eskenatokietatik sinesgarriena bigarrena iruditzen zait, Espainiak bere itsukeria albo batera utziko duenik ez dut sinesten, ez behintzat bere bakuz, baina Mendebaldeak derrigortu egingo du Katalanek gauzak ondo egiten badituzte. Europar Batasunak eta NATOk barne sezesio bat onartu behar badute hori era pausatuan, kontrolatuan eta ordenatuan egitea lehenetsiko dute, aldaketa drastiko eta azkarrak saihestuz.