argia.eus
INPRIMATU
Jaione Jauregi iheslaria espetxeratu dute, duela 40 urteko auzi bat egotzita; berak akusazioa ukatu du
  • 1978tik erbestean bizi izan da Jaione Jauregi. Ganten atxilotu dute, Belgikak asteartean Espainiaren esku uztea onartu ostean. Igandean eraman zuten Espainiara eta astelehenean, azaroaren 23an, Espainiako Auzitegira eraman ostean espetxeratu egin dute. 1981eko atentatu bat egotzi diote, berak ukatu egin duen arren. Bere jaioterria den Lezon elkarretaratzea egin dute.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 23a
Ganteko kartzela aurrean egindako mobilizazioa.

Astelehen goizean Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Jose de la Mataren aurretik pasa eta arratsaldean espetxeratu egin dute Jaione Jauregi iheslaria.

2004tik bi bider ukatu dio Belgikak Espainiari Jauregiren extradizioa. Ganten finkatuta dago Jauregi eta hiri horretan mobilizazioak egin dituzte extradizioa salatzeko.

Jauregik larunbatean telefonoz adierazpen hauek egin dizkio Naiz hedabideari: "Gernikako bonbardaketa, GAL... hori guztia artxibatuta dago, bukatu zen. Ez nago pozik, baina duintasunez noa, eta emozionatuta eta triste, baina aurrera ateratzeko gogoz. Ez dut nahi extradizio gehiago egon dadin, beste inor ez dadila honetatik pasa. Hori da nahi dudana eta ahalik gehien borrokatuko dut horren alde".

"Nire aurkako auzia artxibatuta egon zen, eta berriz ireki dute"

Gotzon Hermosillak Berrian egin dion elkarrizketan, horrela kontatu du Jauregik: "Nire kontrako auzia artxibatuta egon zen, eta berriro ireki zuten, Espainiako justiziak nahi duena egiten duelako. Aurrekoan, arrazoi horixe eman zuen Belgikako justiziak estradizio eskaera atzera botatzeko, auzi horrek aspalditik artxibatuta egon behar zuela, alegia. Gainera, urteak dira ETA desagertu zenetik. Espainiak badu hortik zerbait ikasia, eta aukera baliatzea irtenbideak topatzeko". Elkarrizketa horretan kontatu du nondik norakoa izan den bere orain arteko erbestea: "Ipar Euskal Herrian errefuxiaturik nengoela handik alde egin behar izan nuen paperak kendu zizkigutelako, eta garai hartan GALek ere lasterka ibiltzera behartu gintuen. Handik Mexikora joan nintzen, eta gero Belgikara etorri nintzen. Hemen ere jazarpenak ez du etenik izan".

Modu irregularrean atxilotua

Berriako elkarrizketan salatu du bere atxiloketa modu irregularrean egin dutela: "Ustez, Kasazio Auzitegiaren erabakiaren ostean, eskumuturreko elektronikoa jarri behar zidaten, eta gero erabaki estradizioa noiz gauzatu. Baina asteazkenean polizia mordoa etorri zen nire etxera, oso oldarkor eta atxilotzeko agindurik gabe. Ez zidaten utzi nire abokatuarekin hitz egiten, eta gezurretan aritu zitzaizkidan: esan zidaten haiekin joan behar nuela eskumuturrekoa jartzera, baina espetxera eraman ninduten. Duela gutxi ebakuntza egin didate, eta sendagilearenera joan behar nuela esan nienean, zera erantzun zidaten: 'Ez arduratu, Espainian hemen baino ospitale hobeak daude'".

19:30ean manifestazioa egingo dute Lezon, plazatik hasita.

Ganteko kartzela aurrean egindako elkarretaratzearen irudiak: