Seme-alaba jaioberria zaintzeko baimen ordainduaren zati bat aiton-amonei edota gertuko beste norbaiti eman diezaiekete gurasoek Suedian, uztail honetatik aurrera.
Suedian, bi gurasodun familietan, ume jaioberria zaintzeko 480 eguneko baimena dute bi gurasoen artean, 16 bat hilabete guztira. 480 egun horietatik, 390 egunetan soldataren arabera ordaintzen zaie eta gainerako 90 egunetan 16 bat euro eguneko.
Hilabete honetan, neurri berri bat jarri dute martxan: gurasoek 480 egun horietatik gehienez 45 egun “eman” diezaiokete zaintzaile izendatzen dutenari. Gurasobakarren kasuan, 45 egun beharrean gehienez 90 egun izan daitezke. Alegia, egun horietan jaioberriaren guraso ez den beste norbaitek jasoko du gobernuaren dirulaguntza, haurra zaintzeagatik.
Gobernuaren hitzetan, zaintzari malgutasuna ematea eta kontziliazioa erraztea dira helburuak, eta neurriak “behar handienak dituzten familiak lagunduko ditu”.
Herrialde hartako hedabideetan zabaldu denez, aiton-amonak izango dira, ziurrenik, neurri hau aprobetxatuko dutenak. Beste era batera esanda, orain arte bilobak doan zaintzetik zaintza ordaindua egitera igaroko da bat baino gehiago.