argia.eus
INPRIMATU
Jaiki Hadiko medikuek larriki gaixo dauden preso guztiak kaleratzea eskatu dute
  • Jaiki Hadi elkartearen izenean Fernando Arburua, Mati Iturralde y Oihana Barrios agertu dira prentsaren aurrean beren kezka agertzeko espetxeetan gaixotasun larriak nozituz preso dirautenen egoeraz eta horiek guztiak berehala eta baldintzarik gabe kaleratzea eskatuz.

ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 07a
Ezkerretik hasita, Oihana Barrios, Fernando Arburua eta Mati Iturralde Jaiki Hadiko ordezkariak. (Argazkia: Enekoitz Esnaola/Berria)

Jaiki Hadik agerraldian zehaztu duenez, gaur eritasun larriren batek edo gehiagok jota oraindik preso dauden 21 dauzkate kontabilizaturik. Kopurua zein kezkagarria den azaltzen duen konparazio hau eskaini dute: elkartea sortu zutenean, 2008an, 9 preso politiko zeuden gaixo larri eta sendaezin publiko zirenak 765eko kolektibo baten lagunen artean baina "hamar urte geroago une honetan 15 lagun ditugu preso gaixo larri eta sendaezin publiko direnak, eta 6 gehiago ez publikoen artean 264 lagunen artean. Ikaratzeko moduko zifrak ditugu hauek, espetxealdi luzeek, adin mailaren nagusitasunak eta espetxe politika ezberdinek erabat baldintzatzen dutenak".

2018ak beren lan eremuan eman duena laburbilduz, iazko urte hasieratik, Jaiki Hadiren kalkuluetan, zerrendako bi lagun kaleratu dituzte baina ez osasun arazoengatik, zigorra osorik bete ondoren baizik: Manu Azkarate eta Jose Ramon López de Abetxuko, azken hau gainera, kartzelan 29 urte bete ondoren eta 69 urtekin. Baina urte berean Xabier Rey presoak bere buruaz beste gin zuela nabarmendu dute: "kolektibo honek urtetan pairatzen diharduen espetxe politika ankerraren emaitza dugu hau". Eta urte berria hastearekin hil da Juan Mari Maizkurrena, 2017ko ekainean biriketako minbiziak jota kaleratua. 2018ean, bestalde, patologia larriak dituen eta adin nagusikoa den Gurutz Maiza presoa gehitu zaio zerrenda publikoari. Ez da ahaztu behar beren kasuak publikoki zabaltzea onartu duten presoez gain Jaiki Hadik ezagutzen dituela gehiago zerrenda anonimoan gordetzen dituenak; horietako biren kasuak atera dira argitara 2018an, berrikitan Espainiako agintariek Euskal Herri ingurura gerturatu duten Kepa Arronategi eta Joseba Erostegirenak. 

2019. urtea 21 lagunen zerrendarekin hasita, Jaiki Hadik premiazkotzat jo du berehala kaleratzea gaixotasun larriz jotako presoetako larrienak,  gaixotasun psikiko larriak dituztenak, bereziki; minbiziaren fase larrietan daudenak; endekapenezko gaixotasun larriak dituztenak edota bihotz gaitz arriskutsuak dituztenak: "Hauendako guztiendako nahitaezko baldintza da kalean egotea, kartzelan egoteak beren osasuna larriki kolpatzen eta kaltetzen duelako: beharrezkoak diren baldintzen gabezia, muturreko larrialdi bati erantzuteko ezintasuna, kartzelaren mugak eta egiturak sortzen dituzten ezintasunak, kartzela sistemari berari dagokion tentsioa...Hau da, kanpoan osasun asistentzia publikoak eskaintzen eta betetzen dituen protokolo berberen pean egon beharko luketen gaixoak dira hauek, baina ezinezkoa dutena espetxean egonik". 

Hitzokin bukatu dute Jalgi Hadiko arduradunek beren agerraldia: "Azkenik, gure urteroko ebaluazioan behin eta berriz errepikatzen badugu ere, hainbeste urtez eta hain gaitz larriak dituzten pertsona hauek kalean eta baldintzarik gabe egon behar direla uste dugu. Kartzela eta kartzela denbora heriotza arriskuko gune bilakatu dira pertsona hauentzat, urteetako gertakizunek behin eta berriz azaltzen diguten bezala. Bai alde medikutik eta baita alde humanitariotik ezin da onartu hainbeste heriotza eta hainbeste sufrimendu hain denbora luzez mantentzea. Arduradunek jakin dezatela pertsona hauen osasunaren eta sufrimenduarekin bestelako kalkuluak egitea ankerkeria hutsa besterik ez dela".