Herriko gazteek eta jai batzordeak bultzaturiko galdeketaren bidez hartu da erabakia. Herritarren %22ak gutxi gora behera hartu du parte kontsultan, eta orain “jaien antolaketa birplanteatzea” dagokio udalari.
Karrantzako herritarrek herriko jaietatik zezenketak kentzea erabaki dute, herri galdeketa baten bidez. Horiek kentzeko proposamenak 343 boto jaso ditu, eta 252 lagunek mantentzearen alde egin dute. Horrela, datorren urtetik aurrera, ez da zezenketa gehiagorik egingo herrian.
Udalak antolatutako kontsulta 16 urtetik gorako egoiliarrei zuzenduta zegoen, 2.700 bizilagunetatik 600 batek hartu dute parte, hau da, populazio osoaren %22ak. 2013ko galdeketarekin kontrastean —409 lagunek eman zuten orduan botoa zezenketak mantentzearen alde—, oraingoan gehiengoak kentzearen alde egin du.
Karrantza Zabala alderdi independenteko Raúl Palacio Karrantzako alkateak ETBri adierazi dionez, "orain herritarren borondatea errespetatzea tokatzen da", baita "jaien antolaketa birplanteatzea" ere. Kontsultaren bultzatzaileek, tartean herriko gazteek eta jai batzordeak, argudiatu dute "zezenketen kulturak indarra galdu" duela, eta zezenketetara bideratzen ziren 11.000 euroak "bestelako jai jardueretan" erabil daitezkeela. Orain zezen plaza erabiltzen jarraituko dute, baina helburu ezberdinekin.