argia.eus
INPRIMATU
Jaietan gerta daitezkeen erasoei erantzuteko erabakimenez agertu da Bilboko mugimendu feminista
  • Bilboko mugimendu feministak agerraldia egin du asteartean, Aste Nagusiko lehen egunean gauzatutako manifestazio feministaren aurka egindako eraso matxistak salatzeko. Gertakariek, kikildu ordez, borrokan berretsi dituztela adierazi dute. Autodefentsa feministaren aldarria eginez, mezu argia helarazi dute: “Dagokin espazioa gureganatuko dugu, Aste Nagusia gurea da, jaiak gureak dira!”.

ARGIA @argia 2022ko abuztuaren 24a
Argazkia: Ecuador Etxea

Astearte arratsaldean, Bilboko mugimendu feministak agerraldia egin du Arriaga parean, jaien lehen egunean pairatutako erasoak salatzeko. Izan ere, larunbatean, Bilboko Aste Nagusia abiatzearekin batera, mugimendu feministak manifestazioa egin zuen txosnagunean. Jai eremua bakarrik gizonena ez dela eta edozein eraso matxistaren aurrean autodefentsa feministaz erantzungo dela adierazteko helburuarekin gurutzatu zuten txosnagunea “Temblad cabrones! Beldurrak gurekin jai!” lelopean, Arriaga zubitik Areatzaraino. Ibilbide horretan bertan manifestazioak jopuntuan jarritako indarkeria matxistaren adierazpideak azaleratu ziren. Mugimendu feministak biharamunean salatu zuenez, txosnagunea zeharkatu bitartean hainbat eraso matxista pairatu behar izan zituzten.

Listukadak, bultzakadak, ukabilkadak, edarien jaurtiketa eta irainak jasan behar izan zituzten, besteak beste. “Zergatik kendu beharko nuke erditik? Joan harrikoa egitera!”, “Joder, zeinen astunak! Beti gauza bera errepikatzen!” bezalakoak entzun behar izan zituzten, eta azpimarratu dutenez, Moskotarrak konpartsaren eremutik igaro bitartean, txosnak Athletic-en ereserkia jarri zuen. “Azken boladan, Mugimendu Feministaren kriminalizazioa oso nabaria izaten ari da, eta aurreko egunean gertatutakoa horren ondorio argi bat izan zen: erasotzaileak jomugan jartzera atera ginen horretan, hainbat izan ziren pairatu genituen erasoak”, egin du irakurketa mugimendu feministak.

Gertakarien aurrean haserrea agertu dute, eta kikiltzetik urruti, pairatutako erasoek borroka feministan berretsi dituela azpimarratu. “Hasieratik argi esan genuelako: beldurrak gurekin jai!”. Manifestazioan egin bezala jarraitzeko asmoa adierazi dute: autodefentsa feminista baliatuz, eraso ororen gainetik aurrera egiten. “Ehun eraso jasan bagenituen, ehun eta bat erantzun eman genituen; elkarrekin, elkar zainduz eta gogor erantzuten aurrera egitea lotu genuen mobilizazioa bukatzea lortuz. Aurrera egiten genuen metro bakoitza garaipen bat izan zen, eta horrela ulertzen dugu guk!”. Mezu argiarekin amaitu dute agerraldia: “Dagokin espazioa gureganatuko dugu, Aste Nagusia gurea da, jaiak gureak dira!”.