argia.eus
INPRIMATU
Jai herrikoien aldeko kalejira egin dute ehunka lagunek Iruñean
  • Jai herrikoien aldeko kalejirak Iruñeko Alde Zaharra zeharkatu du larunbatean ehunka lagunen babesarekin. UPNk Jai Batzordeari bere ekimenak aurrera eramateko baimenak ez dizkiola eman salatu eta "auzotik eta auzoarentzako" jaiak aldarrikatu dituzte.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko irailaren 22a
Udalaren oztopoen gainetik, "auzotik eta auzoarentzako" jai herrikoiak aldarrikatu dituzte ehunka herritarrek.(Arg.: Ekinklik)

San Fermin Txikito jaiak antolatzeko oztopoak jarri dizkio aurten ere Iruñeko Udalak Alde Zaharreko Jai Batzordeari, besteak beste, Auzogunea muntatzeko debekuarekin. Gabriel Viedma Hiritarren Segurtasuneko arduradunaren azalpenen arabera, San Fermin Txikitoren antolakuntza Iruñeko Udalaren esku geratzen delako ez dute eman baimenik.

EH Bilduk UPNren erabakia kritikatu eta “kaleen jabe sentitzea eta modu horren baztertzailean” aritzea salatu du. Halaber, ostiralean mozioa aurkeztu zuen Osoko Bilkuran, Arartekoaren gomendioei kasu egin eta Jai Batzordeari beharrezko baimenak ematea eskatuz. Izan ere, abuztuaren amaieran Arartekoak Auzogunea muntatzeko beharrezko baimenak emateko eskatu zion Iruñeko Udalari.

Oposizioko talde guztien babesarekin atera da aurrera mozioa. UPNk Arartekoari bezala, Osoko Bilkurari entzungor egiten badio ere, antolatu dituzten 125 ekimenekin aurrera egingo dutela adierazi du Jai Batzordeak. Hala ere, egoera hobeto aztertzeko auzo batzarra deitu dute astearte arratsaldean, Bullicio Pamplones Peñan 19:30ean.