Urriaren 6an izan da Ikastolen Elkarteak Gipuzkoan antolatzen duen Kilometroak jaiaren azkena, bai behintzat orain arteko moduan. Hurrengo urtekoa, Amasa-Villabonakoa, txikiagoa izango da eta parte-hartzea sustatuko dute.
Datorren urtetik aurrera Kilometroek formatu txikiagoa izango dute; herrian baino Gipuzkoan eta Euskal Herrian jarriko dute fokua; eredu kontsumistatik parte hartzeko jaia antolatu nahi dute; eta aldarrikapena indartu nahi dute.
Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastola izan da urriaren 6an protagonista. “Ni, hi, hura… ikastola mundura!” lelopean hurbildu dira milaka euskaltzale Gipuzkoako itsasertzera. Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak, Nekane Artolak, ikasturte berrirako ikastolek jarritako hainbat helburu aipatu ditu jaiaren hasierako ekitaldi instituzionalean.
Batetik, euskararen kalitatea eta erabilera modu larrian jaitsi direla-eta egoerari aurre egiteko irtenbideak lantzen hasita daudela adierazi du Artolak. Ondoko beharrak azpimarratu ditu: “Hezkuntza sistema osorako murgiltze eredua, hizkuntza politika eraginkorrak, eta eragileen arteko elkarlana”.
Bigarrenik, jaiotze tasaren jaitsiera aipatu du. Sareen arteko gerran hasi beharrean, neurri adostuen alde egitea lehenetsi du.
Hirugarrenik, atzerriko jatorria duten ikasleen eskolatzeaz aritu da. Hala adierazi du Artolak: “Orain arte ikasle hauen eskolatzea ez da modu orekatuan egin ikastetxeen artean, eta horrek segregazio arriskua ekarri du. Aldaketak ematen ari dira eta Hezkuntza Sailak bide horretan sakondu behar duela uste dugu. Gu hasi gara etxeko lanak egiten (harrera planak, barne beka sistema…).