Gizagabekerian beti iritsi daitezke urrats bat urrunago Madrilgo agintariak. Gaixotasun larriz jotako euskal presoei espetxealdia ez arintzeaz gain, orain etxetik hurbil zegoen bakarra urrundu egin dute: Jagoba Codó preso donostiarra Martutenetik aterata eraman dute ia 500 kilometrora dagoen Castelloko presondegira.
Bere auzoa den Amarako Easo plazan dozenaka lagunek salatu dute Jagoba Codóri egindako bidegabekeria, Donostiako Sarek deituta. 14 urte preso daraman Codó berrikitan sartua zuen Sarek gaixotasun larriak dauzkatenen zerrendan. Lau urte zeramatzan Martutenen beste osasun afera batentzako ekarririk, eta bertan diagnostikatu zioten espondilitis ankilopoietikoa, ondorio larriak eragiten dituen artritis mota sendaezina. Espetxeetako agintariek erabakiak noiz eta nola hartu dituzten ikusirik, badirudi zain egon direla noiz zabalduko presoaren gaixotasunaren albistea Codóren kontrako errepresalia hartzeko.
Donostian ekainaren 20rako egin dute Easo plazan bilduek kasu hau aztertzeko eta salatzeko bilkura ireki baterako deia. Eta Gasteizen bezala Errenterian eta beste zenbait herritan Sare prestatzen ari da gaixotasun larriekin preso dauzkatenak etxeratzea eskatzeko mobilizazioak ekainaren 27rako.