Jabi Asurmendi Sainz, Arakaldoko alkatea (EH Bildu), izango da Udalbiltzako lehendakaria 2019-2023 epealdian, Luis Intxausperi lekukoa hartuta.
Elkartean 20. urteurrenaren baitan, zuzendaritza berritzeko batzarra egin dute larunbatean Durangon. Lehendakariordeak, Asteasuko alkate Pili Legarra eta Vianako zinegotzi Irantzu Antoñana izango dira.
Eskerrik asko @Udalbiltza -ko kide ohiei emandako guztiagatik, ohore handia da zuen eta Loren Arkotxa, @MertxeAizpurua-ren eta @LuisIntxauspe-ren lekukoa jasotzea. pic.twitter.com/vO6wxl8CLh
— Jabi Asurmendi (@jabiasurmendi) November 17, 2019
Ardatz nagusiak
Euskal Herri osoko 1.050 hautetsik osatzen dute Udalbiltza. Durangoko alkate Ima Garrastatxuk batzarraren irekieran adierazi duenez, "bereizten gaituzten muga administratiboen gainetik zubiak eraikitzeko bokazioa duen erakunde publiko nazionala da Udalbiltza; gaur eta hemen, Euskal Herriaren eraikuntzan aurrera pausuak eman eta proposamen zehatzak garatzeko helburua duena, betiere, lurralde garapenaren, ekonomia sozial eraldatzailearen, jasangarritasunaren eta saretzearen ildoetatik tiraka".
Epe motzera begirako lanari dagokionez, ardatz nagusiak dira: Ikerbiltza, Hurbiltzen, Hartu-eman eta Hauspotu proiektuak; Lurgida app turistikoa eta Euskal Herriko historiaren memoria gunea.