argia.eus
INPRIMATU
Jabe erraldoiei etxebizitzak desjabetzearen alde bozkatu dute erreferendumean Berlinen
  • Hauteskunde orokorren egun berean egin dute erreferenduma. 3.000 etxebizitza baino gehiago dituzten enpresei desjabetzearen alde bozkatu du herritarren %56,4ak. Erabakia ez da loteslea.

ARGIA @argia 2021eko irailaren 27a
Erreferendumaren aldeko ekintza bat

Alemaniako hauteskunde orokorren igandean herrialdeko gobernuaz ez ezik etxebizitza politikaz iritzia emateko aukera izan dute berlindarrek. 2019an jaiotako Deutsche Wohnen & Co Enteignen mugimenduak sustatu du erreferenduma. 3.000 etxebizitza baino gehiago dituzten funts eta higiezinen enpresa erraldoiei desjabetzea proposatu du ekimen herritarrak, 240.000 etxebizitza orotara, hiriko etxebizitza guztien %15 inguru. Behin desjabetuta etxebizitzak jabego publiko bihurtzea proposatu dute ekimenaren bultzatzaileek. Desjabetzea ez litzateke erabatekoa, enpresentzako 13.700 milioi euroko kalte-ordainak aurreikusi baitituzte. Herritarren %56,4ak eman du aldeko bozka, %39ak aurkakoa.

Garaipen ez loteslea

Erreferendumaren emaitza ez da loteslea. Garaipenarekin, berlindarrek Alemaniako Senatuari eskatu diote aipatu neurriak ezarriko lituzkeen lege bat garatzeko. Borroka luze baten fruituak dira erreferenduma egitea bera zein aldeko emaitza. Aurrerago ikusiko da zer ondorio duten igandeko emaitzek, baina gutxienik jada espekulazioa eta etxebizitzen presioaren gorakada agendan jartzeko pausu garrantzitsua dira.