Euskal Herrian zein gordintasunez ari gara jasaten Covid-19aren erasoa? Zein abiadura darama gurean, beste batzuen aldean biktima asko ala gutxi eragin ditu? Erantzun osorik ezean errealitatera hurbiltzeko ahaleginean alderatu ditugu iruzurriak Italian, Espaniako Estatuan eta Euskal Herrian eragindako biktimak aztertuta egindako grafikoak.
Aldez aurretik, desenkusa. Ez naiz soziologoa, are gutxiago epidemiologoa eta darabiltzadan datuak dira prentsan aurkitutakoak, konfinamendu orokor honen lan baldintza zailen barruan. Prekarietate honetan inguruan aurkitu dudan eta eskertzen dudan laguntzarekin saiatu naiz goian aipatu galderen erantzun bila, nire burua aklaratzeko nagusiki. Horra datuek zer esaten diguten, asko ez bada ere.
Martxoaren 23ko ilunabarra arteko datuekin egindako grafikoan ikus daiteke Italian (10 heriotza 100.000 pertsonako) azken bi egunetan zertxobait mantsotu egin dela heriotza kopuruen igoera, bilakaeraren intentsitatea pixka bat lasaitu dela. Espainiako Estatuan eta Euskal Herrian oso antzeko bilakaera ikusten da (4,7 hildako 100.000ko) eta biek ala biek jarraitzen dute gerturatzen Italiaren ehunekoetara, aurreko egunetan bezain indartsu edo gehiago.
Bi kurben arteko aldea zazpi egunekoa bazen duela egun batzuk, gero seira pasa zen eta astelehenean, 23, lehenengo aldiz, bost egunera hurbildu da. Beraz, alderaketak honakoa iradokitzen digu: azken egunotako joera jarraitzekotan gaur, 24, ilunabarrerako hildakoak Espainian 2.590 inguruan izan litezkeela eta Euskal Herriakoak 175. (Gogoratu: hasieratik metatutako heriotza kopuruez ari gara, ez egun bakarrekoez). Eta bilakaerak erritmo berean jarraituz gero Italiak 24an emandako proportzioa harrapatuko genuke 29an Euskal Herrian.
Goazen bigarren grafikora:
Bigarren grafikoak erakusten ditu egunez eguneko heriotza kopuruak. Atal honetan, bi ideia nagusi: batetik, Italiak martxoaren 21ean izan zuen oraingoz heriotza kopururik altuena eta azken bi egunetan behera egin du. Datozen egunetan ikusiko da, jaisten jarraitzen duen ala ez, ea martxoaren 21ekoa izan den heriotza gehieneko tontor edo piko famatua ala ez. Bestetik, Espainian eta Euskal Herrian goraka jarraitzen dute egunez-eguneko heriotzek. Lehenengo aldiz krisia hasi zenetik, hiruek heriotza tasa berdintsua izan dute astelehenean, 23.
Hirugarren grafikoak Euskal Herrian orain arte hilak biltzen ditu, lurraldeka kokatuta krisi hasieratik pilatu zaizkigun heriotzak, totalak. Lehen esan bezala, Euskal Herrian 100.000 biztanleko 4,7 heriotza metatu dira martxoaren 23ra arte. Arabako datua oso altua da eta gehien hazi dena azken egunean ere. Egun batetik bestera 100.000 biztanleko 18,5 heriotza izatetik 21,5 izatera pasa da, bere kurba oraindik eta malkarrago bihurtuz. Baina alderaketa guztiak direnez arriskutsuak, pista gehiagoren bila beste ahalegin batean Araba konparatzen badugu Italian izurria gogorren nozitzen ari den Lombardiarekin, honek orain arteko 3.776 heriotzarekin 100.000 biztanleko 37,7ko tasa ematen du, Arabaren ia bikoitza.
Grafikoa irakurtzen jarraituz, ohartzen gara martxoaren 21ean konparatiban puntu berdintsuan zeudela Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa eta bi egun geroago, martxoaren 23an, hiruren artetik Nafarroak aurrea hartu duela; Bizkaiak ere gora egin du nahiz eta ez Nafarroak adina eta Gipuzkoak kasik mantentzea lortu du. Araba Euskal Herriko gainerako lurraldeekiko tartea handitzen ari da tamalez, okerrera.
Ipar Euskal Herriko datuekin oso kontuz ibili beharra dago. Euskal Herri mailan orain artean Berria egunkariak egin die jarraipen osatuena –hedabideak aitortzen dituen oztopo guztiekin– eta azken lau egunetan heriotz bakarraren zifra hori bere horretan dago.
Laugarren grafikoak erakusten du izurriaren garapena lurralde bakoitzean egunero, heriotza kopuruak kurbatan jarrita. Nabarmena denez, Arabako heriotza tasa da kezkagarriena; martxoaren 20an eta 21en heriotzek behera egin bazuten ere, 23an berriro ugaritu dira, beste lurraldeetan baino gehiago. Bestetik, Bizkaiak eta, bereziki, Nafarroak igoera handiak jasan dituzte. Gipuzkoak badirudi lortzen duela oraingoz asko ez igotzea. Iparraldeari dagokionez, gorago aipatu oharra errepikatu beharko genuke hemen.