argia.eus
INPRIMATU
Izurria nola doa Italian, Espainian eta Euskal Herrian: martxoaren 26ko alderaketa
  • Euskal Herrian zein gordintasunez ari gara jasaten Covid-19aren erasoa? Zein abiadura darama gurean, beste batzuen aldean? Kutsatutako jende kopuruak oraindik aski fidagarriak ez direnez –denek aitortzen dute proba urriegien poderioz benetako kasuen zati bat baino ez dugula ezagutzen– gaurkoz datu sinesgarrienak diren hildakoen kopuruak alderatu ditugu ARGIAn bi aldiz: lehenbizikoz martxoaren 23a arteko datuei begiratu genien eta bigarren ahalegin honetan martxoaren 26an, osteguna, ilunabarrean ofizialki finkatutzat emandakoei erreparatuko diegu.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2020ko martxoaren 27a
1. grafikoa: Covid-19ak 100.000 biztanleko hildakoak otsailaren 24tik martxoaren 26ra artean metatuta, Italian, Espainian eta Euskal Herrian.

Mamian sartu aurretik, aitorpena berriro. Ez naiz soziologoa, are gutxiago epidemiologoa eta darabiltzadan datuak dira prentsan aurkitutakoak, horiek administrazio publikoetatik bilduta. Konfinamenduaren prekarietate honetan inguruan aurkitu dudan eta eskertzen dudan laguntzarekin aritu naiz lanean.

Goazen lehenbiziko grafikoarekin. Italian, Espainiako Estatuan eta Euskal Herrian martxoaren 23a arte hildakoen bilakaera kurbak oso antzekoak baldin baziren, martxoaren 26an hiru herrialdeek joera ezberdinak erakusten dituzte. Italian heriotza kopuruak goraka jarraitzen badu ere, erritmoa estabilizatu egin du eta orain 13,5 heriotza ditu 100.000 biztanleko. Aldiz, Espainiaren kurbak igoera azkartu du azken egunetan eta Italiaren zifretara inguratzen ari da (8,8 heriotza 100.000 biztanleko). Lehen Espainiak bost eguneko atzerapena baldin bazeraman Italiarekiko, hiru egun geroago lau egunera laburtu da atzerapen hori. Euskal Herriari dagokionez, martxoaren 24an eta 25ean igoera mantsotu zen arren, martxoaren 26an Espainiaren antzeko igoera jasan du. Hala ere, martxoaren 26an Euskal Herria Espainiako hilkortasun tasaren azpitik agertzen da orain (7,3 heriotza 100.000 biztanleko) eta Italiarekiko 5 eguneko atzerapenari eusten diola dirudi.

Izurriaren bilakaerak aurreko joerari eutsiko balio, martxoaren 27ko ilunabarrean Espainiak eduki litzazki metatuta 4.738 hildako Euskal Herriak 267. (Beti ere Covid-19 izurria zabaltzen hasi zenetik metatuak).

2. grafikoa: Covid-19 izurriak hilak egunez egun Italian, Espainian eta Euskal Herrian martxoaren 26a arte.

Bigarren grafikoak erakusten ditu egunez eguneko heriotza kopuruak (heriotzak 100.000 biztanleko). Martxoaren 23an, duela hiru egun, esan bazitekeen Italiak, Espainiak eta Euskal Herriak beren kopuruetan lehenengo aldiz topo egin zutela puntu berdinean, hau da, eguneko heriotza tasa berdintsua zeukatela, geroztik joerak aldatu edo nahasi egin dira. Martxoaren 24an Italiak eta Espainiak gora egin zuten, baina martxoaren 25ean eta 26an Espainiak goraka jarraitu du eta Italiak gutxi gora-behera tasa berdin mantendu egin du. Italiaren kasuan, posible da bere konkor edo pikoan egotea, azken 7 egunetan bere heriotza tasa 1,0 eta 1,3 bitartean baitabil dantzan, ez da gehiago igotzen.

Aldiz, Espainiaren kurbaren kasuan, etengabeko gorakadan jarraitzen du eta Italiak inoiz iritsi gabeko puntua gainditu zuen martxoaren 25ean 1,4ko heriotza tasarekin eta ondoren martxoaren 26an 1,5eko tasara igo. Euskal Herriaren tasari dagokionez, martxoaren 24 eta 25ean zertxobait behera egin arren berriro gogor egin du gora martxoaren 26an, Italiak orain arte egun bakarrean erakutsi duen tasarik handienera iritsiz.

3. grafikoa: Covid-19ak hildakoak metatuta Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan, Ipar Euskal Herrian eta orotara Euskal Herrian martxoaren 26a arte.

Hirugarren grafikoak erakusten du lurraldeka banatuta Euskal Herriak osotasunean martxoaren 26a arte metatutako 100.000 biztanleko 7,4ko heriotza tasa. Arabak ez bakarrik segitzen du nozitzen heriotza tasa altuena: hori larriagotzeko azken hiru egunetan Araban hazi da gehien heriotza tasa (100.000 biztanleko 21,5 heriotza izatetik 28,9 izatera, hau da 7,4 puntuko igoera martxoaren 23 eta 26 artean). Hedabideok sendoago nabarmendu beharko genuke Arabako egoeraren larritasuna eta herritar guztiok ere kontutan hartu gure jokabideetan bezala arabarrei zor diegun elkartasunean.

Nafarroa da heriotza tasa altuena duen bigarren herrialdea, juxtu Euskal Herriko media emanaz: heriotza tasak Nafarroan ere igoera handia jasan du. Bizkaiak bere igoera gradualarekin jarraitzen du, beti erritmo berean (5,7ko tasa) eta Arabakoa baino 5 aldiz tasa baxuagoa du. Gipuzkoak, bere aldetik, bere tasa beste lurraldeen aldean nahiko baxu mantentzen jarraitzen du.

4. grafikoa: Covid-19k hilak egunero Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan, Iparraldean eta oro har Euskal Herrian , martxoaren 26a arte.

Laugarren grafikoak erakusten du izurriaren garapena lurralde bakoitzean egunero, heriotza kopuruak kurbatan jarrita. Aurreko grafikoan agertu den bezala, Arabako heriotza tasa da kezkagarriena. Martxoaren 24an behera egin arren, martxoaren 25ean asko hazi zen eta 26an are eta gehiago, egun bakar batean 100.000 biztanleko 4 heriotzara iritxita. Beste herrialdeen artean aldaketak daude, baina martxoaren 26a arte lortu dute heriotza tasa 1,0ren azpitik mantentzea... harik eta azaldu diren arte martxoaren 26ko datu kezkagarriak: ostegunean Nafarroak heriotza ugaritze oso handia nozitu du, 100.000 biztanleko 2ko tasa adinakoa. Adi jarraitu beharko da Nafarroaren bilakaera.

Hasieran esan bezala, krisiaren une honetako benetako egoera hobeto ezagutzeko ahalegin bat baizik ez da hau. Une bakoitzean Covid-19ak bere hedatzean daraman abiadaz ziur aski informazio garbiagoa eskainiko liguke hildakoen baino kutsatutakoen azterketa egiteak, bistakoa denez lehenik kutsatu egiten baita jendea eta egun batzuk beranduago edo osatu edo gaixorik jarraitu edo hil. Baina jakinada orain arte dauzkagun kutsatuen informazioa oso murritza dela, ofizialki onartuak halako 10 izan daitezkeela benetan kutsatuak... oraingoz pentsa liteke heriotzen datuek ematen dizkigutela pista argigarrienak, argi utzita kutsatze mailaren egun bakoitzeko argazkia atzerapenez ematen digutela.