argia.eus
INPRIMATU
Izpiliku fina, lurrin bat baino askoz gehiago
  • Banda eta belar-xuta ere deitzen zaio Lavandula angustifolia sendabelarrari, bai, ondo esan dut, sendabelarra baita nahiz askorentzat lurrin gozo edo aire girotzaile soila den oraindik ere. Izpiliku finak errenkadan landatutako soroen argazkiak topatuko ditugu belardendan, etxerako apaingarrien edozein dendatan eta baita farmazian ere. Autolaguntza liburuen azaletan eta psikologia aldizkarietan ere sarri ikusten da, zerbait esan nahi digu honek. Estetikoki erakargarria da antza eta boladan dago, bai begiz eta bai sudurrez ia gehienek ezagutuko duzuela ziur naiz.

GarbiƱe Larrea Iturralde 2023ko irailaren 04a
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Horrek zaildu egiten du ordea sendabelartzat jotzea. "Nola hartuko dut ba kolonia zaporeko infusioa?", "Ez al dago beste sendabelar erlaxagarririk, hain ona izan bazen ez zen perfumetarako erabiliko, ala?". Horrelako galderei erantzun behar izaten diet maiz, izan ere behin kategoria batean kokatu badugu sendabelar bat jai dago, ea nola egiten den hortik haratago ere badela ikusarazteko.

Lore helduak olio esentzial asko du, osagai anitzeko olioa. Taninoak, azido rosmarinikoa, kumarinak eta fitoesterolak edukitzeak lasaigarria dela esan nahi du, edozein espasmo mota baretzeko gai dela (hesteetakoak barne), zauriak garbitu eta sendatzeko gaitasuna daukala (izen zientifikoa ere hortik datorkio), menopausian hormonak orekatzeko balio duela, buruko, giharretako zein erreumako mina baretzeko baliogarri dela. Lore more lehorraren infusioa hartuta horiek denak baliatzeko moduan gara.

Udan loratzen zaigu eta eguzki betea dugun egunetan eguerdi aldera bilduta lurrin gehiago izango du. Udan hain ohikoak izaten ditugun beherako eta liseriketa arazoentzat gomendagarria da oso. Izan ere, hesteak baretzeaz gain, fermentazioak eragindako haizeak kentzeko ona da, baita duodenoko narritadura baretzeko ere. Gibelarentzat lasaigarri eta behazuna husteko lagungarri ere badenez esango nuke liseriketa aparatuarentzat ezagunagoak diren beste asko bezain ona badela.

Infusioa hartu ezin duenarentzat, xaboi edo perfume usaina duela esanez muzin egiten dionarentzat, udan edateko edari freskagarri eta ezberdina proposatuko dut. Litro bat ur, 250 ml izpiliku-fin infusio (postreko koilarakada bat edo birekin egindakoa, aukeran), 250 gr masusta eta gatz pittin bat irabiatu behar ditugu eta hozkailuan eduki ordubetez eta egunean zehar edan, otorduz kanpo. Edaterakoan eragin eta kontatuko didazue zer moduz egin duzuen lo, zelan baretu zaizuen amorrua edo bihotzerrea edo zer nolako freskura ederra sentitu duzuen gorputz osoan.

Bere olio esentziala destilatzeko sasoia dugu honako hau, Proventzaraino joan gabe Erriberrin ere bada halako lanak ikusteko aukera. Olio honen inguruan uste oker bat zabaldu zen, ginekomastia (gizonezkoei bularrak garatzea) eragiten zuela. Gaizki egindako ikerketa lauso baten ondorio okerra dela ziurtatu den arren bolo-bolo dabil, interneten egindako edozein bilaketa horren lekuko.