argia.eus
INPRIMATU
Izpegiko bestak antolatu dituzte, “muga fisiko eta psikologikoa hausteko” gogoz
  • Mendi martxa, bizikleta igoera, hitzaldi, bazkari, txaranga, kontzertu eta DJ, egitarau oparoa osatu dute Baigorriko Basaizea elkarteak, Baztango Gazte Asanbladak eta Erratzuko gazte batzuk. Izpegiko bideetan istripuak saihesteko xedez autobus zerbitzuak izanen dira, Baigorritik eta Elizondotik.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko abuztuaren 31
Izpegiko besten aurkezpena. Argazkia: Erran.eus

Helburu andana dituzte iparrorratz Baigorriko Basaizea elkarteak, Baztango Gazte Asanbladak eta Erratzuko gazte batzuk: Euskal Herriaren bi aldeak banatzen dituen muga haustea; elkar ezagutza suspertzea; euskarari arnasgune berri bat eskaintzea, eta beste. Aldi honetan besta giroan jarriko dira horri begira, Izpegiko bestak antolatuz. Irailaren 22 eta 23an iraganen dira Izpegiko lepoan.

Ostiralarekin, garaiko eta gaurko mugaz gaindiko harremanei buruzko hitzaldia izanen dute Bereko Bentan. Larunbaterako, ordea, egun osoko eta gauerako egitaraua osatu dute. Goizean, mendi martxa abiatuko dute Baigorrik Izpegira. Goizeko hamaiketan bizikleta igoera eginen dute Izpegiko lepora, Baigorriko elizako plazatik abiatuta. Ordu berean haurren jokoak izanen dituzte Izpegiko lepoan.

Ondotik, besteak beste, 13:00etan eginen dute ekitaldi nagusia eta bazkari herrikoi alaiatua ere izanen dute (aitzinetik hartu behar dira lekuak). 22:30etik aitzina kontzertuak izanen dira: Mirua talde tolosarra, TOC mungiarrak eta DJ Üzkülüz.

Autobus zerbitzua bermaturik

Segurtasuna bermatu nahian, autobus zerbitzua ere antolatu dute Baigorritik zein Elizondo eta Erratzutik. Igotzeko 10:00etan, 12:00etan eta 19:00etan aterako da autobusa Elizondotik, Erratzutik ere pasaz. Itzultzeko, aldiz, 20:30ean, 03:00etan eta 06:00etan aterako dira autobusak Izpegiko lepotik eta Erratzun geldialdia eginda Elizondora joanen dira. Baigorrira ere izanen da zerbitzu bera. Igotzeko 11:00etan, 13:00etan, eta 20:00etan aterako da autobusa Baigorritik, eta itzulerako autobusa 19:30ean, 02:00etan eta 05:00etan izanen da.