argia.eus
INPRIMATU
Izotz arotik hona, endemismoa kolokan
  • Azken glaziazioan Euskal Herriko lurraldea zapaltzen zuten mamutek, leizeetako hartzek, bisonteek eta baita hienek ere. Elur iraunkorrera eta hotzera egindako animalia horiek desagertu egin ziren baldintza glaziarrekin batera. Baina dinosauroen desagerpenaren garaian ugaztun txikiek biziraun zuten moduan, azken glaziazioan ere baldintza horietara ohitutako animaliatxo bat konfinatuta geratu zen habitat jakin batzuetara, eta hala iritsi da gaur egunera arte muturluzea.

Irati Diez Virto 2025eko otsailaren 10
Muturluzea (Galemys Pyrenaicus). Joxerra Aihartza / Wikimedia Commons CC-A-4.0 International

Pirinioetako desmana, ur-satorra edo muturluzea (Galemys pyrenaicus) ugaztun txiki bat da, trikuen, satitsuen eta satorren taldekoa. Erdi-urtarra da, eta Iberiar Penintsularen iparraldean eta Pirinioetan bizi da, errekastoetan barrena. Uretan bizi den sator itxurako animalia muturluzea dugu, beraz.
Izotz aroetan bizitzera moldatutako animalia izanik, erreka hotzak behar ditu muturluzeak, eta errazagoa da ibaien goi-ibilguetan aurkitzea. Animalia txikia da, ordea, eta fisikaren legeek agindu moduan, beroa segituan galtzen du. Horri aurre egiteko, ziztu bizian mugitzen da eta ikaragarrizko jatuna da; egunero bere pisua halako bi edo hiru jan behar du. Uretako zomorro txikiez elikatzen da gehienbat.

Ederra izan behar du halako animalia txiki eta kementsua bere saltsan ikustea, baina hura ikertzen dutenek eta beste gutxi batzuek izango zuten halako zortea, oso zaila baita muturluze batekin topo egitea. Alde batetik, animalia gautarra delako. Eguna erreka ertzeko arrakalaren batean pasatzen du, habian goxo gordeta. Gaua iristearekin batera, zulotik irten eta ibaian igerian ibiltzen da ehunka metro gora eta behera, korrontearen alde zein kontra, janari bila. Hala ere, muturluze bakoitzak bereziki gustuko dituen eremuak dituela dirudi, eta eremu horiek ur-lasterrak izan ohi dira, ongi oxigenatutako eta abiadura biziko eremuak. Bertan dago haien bazkaleku aproposena. Muturluzeak ur azpian ehizatzen du, eta bere gorputzak flotatu egiten duenez, ur-korronte bizkorrek urperatuta egoten laguntzen diote. Erreka-hondoko harriei itsatsi eta bertan egoten da zomorroak jan eta jan. Harrapariengandik babesteko ere estrategia ederra da urperatuta egotea.

Landaretzaz inguratutako erreka garbi eta bizkorrak behar ditu, beraz, muturluzeak. Horiek aurkitzea geroz eta zailagoa da, eta gauza bera gertatzen ari da muturluzearekin ere. Azken hamarkadotan %85 murriztu da haren banaketa penintsula osoan. Erreken baldintza optimoetan eragina duen edozerk asaldatzen du muturluzea; ur-fluxuaren abiadura murrizteak kanalizazioen bidez, oztopo artifizialak eraikitzeak edo uraren kutsadurak.

Gogorarazi behar dugu, gainera, gizakiontzat “txukuntasuna” denak ez duela balio eremu naturaletan. Muturluzearentzat eta beste hainbat animalia urtar eta erdi-urtarrentzat, erreka “txukunak” kutsadura gabeak dira, eta habitaten aniztasuna dutenak. Ibaiertzeko landareak, enbor zatiak, orbel usteldua eta harri puskak ez dira zikintasuna, aniztasuna baizik; azken finean, muturluzea bezalako ondare endemiko eta bakarrak bizirautea ahalbidetzen duten guneak. 

MUTURLUZEA Galemys pyrenaicus

TALDEA: Ornoduna / Ugaztuna.
NEURRIA: 11-13 cm isatsa gabe. 50-80 gramoko pisua.
NON BIZI DA? Ongi oxigenatutako eta abiadura handiko ur-lasterretan, mendiko erreketan.
ZER JATEN DU? Ornogabeak.
MEHATXU NAGUSIAK: Erreketako kutsadura, oztopo artifizialak eta erreketako ur-emaria txikitzen duten kanalizazioak.
BABES MAILA: Espezieen Espainiako Katalogoan, “ahul” kategorian sartuta daude Hego Euskal Herriko populazioak.