argia.eus
INPRIMATU
Izena duen guztia omen da

Imanol Satrustegi Andrés 2024ko irailaren 18a
El Caranboloko altxorra Sevillako museoan, José Luiz Bernardes Ribeiroren argazkia. (Wikimedia.org)

Mendebalde osoko aurreneko zibilizazioaren historia misterio laino batez bildurik dago. Ustez, Tartessos izan zuen izena eta Kristo aurreko IX. eta V. mendeen artean garatu zen; Iberiar penintsularen hego-mendebaldean, Guadiana eta Guadalquivir ibai-harroen artean. Greziako eta Erromako iturri klasikoek (Hekateok, Herodotok, Rufo Festo Avienok...) aipatu zuten lehen aldiz eta Herkulesen zutabeez bestalde kokatu zuten, hots, Gibraltarreko itsasartea eta gero.

Alabaina eztabaida handia dago kultura tartesikoaren inguruan. Izan ere, ikerlari batzuen aburuz Tartessos ez zen existitu. Uste horren bultzatzaile nagusiak Alvaro Fernandez Flores eta Araceli Rodriguez Azogue dira, 2002 eta 2005 artean El Carambolo aztarnategia indusi zutenak. Haien ustez, lurralde horietan kultura materialak kolonia feniziarren ezaugarri tipikoak ditu, eta beraz, ezin daiteke esan Tartessos zibilizazio beregain eta burujabea izan zenik, feniziarren kolonia huts bat baizik. Korronte tartesoeszeptikoak sona handia izan du, batik bat 2011n Huelvan egin zuten kongresua eta gero, eta haren oihartzunak Sevillako Museo Arkeologikoraino iritsi dira. Izan ere, han ikusgai dagoen El Caraboloko altxorra pieza “feniziartzat” izendaturik dago.

Ikerlari gehienak, ordea, ez datoz bat tartesoeszeptizismoa-rekin. Adituen arabera, kultura material tartesikoak ezaugarri bereizgarriak ditu. Gainera, aurten Casas del Turuñuelo aztarnategian arbelezko taulatxo bat aurkitu dute, ustez, tartesierazko abezedario bat grabaturik daukana. Hala ere, zibilizazio hura existitu bazen, ez dakigu zer izen zuen eta nola esaten zioten beren buruari; Tartessos exonimo bat baitzen, hau da, kanpokoek jarritako izena.

Kristo aurreko 500. urtearen inguruan, bat-batean, Antzinaroko iturriek Tartessosi erreferentziak egiteari utzi zioten. Zenbaiten aburuz, tsunami handi batek haren itsas-portuak suntsitu zituen eta horrek gainbehera ekarri zuen. Horregatik, Tartessosen azkena Atlantidaren mitoarekin lotu izan da sarri. Beste batzuen ustez, Mediterraneoko itsas-potentzien oreka aldaketa batek gainbehera ekonomikoa ekarri zuen. Greziak, Tartessosen aliatu komertzialak, Mediterraneo mendebaldean influentzia galdu zuen eta Kartagoren eraginpean geratu bide zen. Izenaz eta izanaz gain, Tartessosen bukaera ere misterioetan bildurik dago.