Aho batez onartu zuen Erandioko osoko bilkurak, urriaren 31ko saioan, frankismoagaz lotutako pertsonen izenak kentzea kale-izendegitik. Horien ordez zer izen ipini erabakitzeko herri-kontsulta egingo dute.
EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartuta, Erandion oraindino dauden frankismoko izenak kale-izendegitik ezabatzea erabaki du osoko bilkurak. Kenduko dituzten izenen ordezkoak aukeratzeko herritarrei galdetuko zaie; onartutako mozioaren arabera, kontsulta horri begira "emakumeek herriaren historian egindako ekarpenaren aitortza eta toponimia lehenetsiko dira", EH Bilduk berak jakinarazi duenez.
Erabakia gauzatzeko, lehenbailehen herritarren batzorde bat sortzea eskatuko dio koalizio abertzaleak Udalari. Batzorde horren zeregina litzateke kontsultarako data bat proposatzea, parte-hartze mekanismoak zehaztea eta kontsultaren galdera prestatzea, besteak beste.
EH Bilduk ez du argitu zein kaleri eragingo dion neurriak. Naiz egunkariak argitaratu duenez, multzo horretan daude Damaso Moja eta Jose Urrea kaleak, Gogora Institutuaren zerrendaren arabera. Beste iturri batzuek Jose Luis Goioaga kalea ere aipatzen dute.