Aurten ere Iparraldeko ikastetxeetan euskal kulturaren inguruko saioak antolatu dituzte, gazteei festibalaren baloreak transmititzeko asmoz. Ekainaren 1ean iragarriko dute programazio osoa, eta aurresalmenta maiatzaren 31 arte egongo da irekita.
Izen berriak iragarri ditu Euskal Herria Zuzenean festibalak: Liher, Gatibu, Vapa, Arima, Kuma No Motor eta Aho Zakil Konexion. Talde horiek ere Irisarrin izango dira ekainaren 30etik uztailaren 2ra, EHZk maiatzaren 11ko prentsa oharrean jakinarazi dutenez. Ekainaren 1ean iragarriko dute kultura programazio osoa, hitzaldi eta mahai-inguruen egitarauarekin batera.
Martxoan aurreratu zituzten 27. edizio honetan parte hartuko duten lehen taldeak; Belako, Kolinga, Afrika Bibang, Ada Oda, Kristonak eta Muare. Apirilean iragarri zutenez, Willis Drummond, MICE, aKats eta Soulfly taldeak ere egongo dira, beste hainbaten artean.
Ikastetxeetan, euskal kulturaren transmisioaz
Aurten bigarrenez saio pedagogikoak egingo dituzte Iparraldeko lizeoetan. Euskal kulturaren eta ikusgarritasunaren inguruko saioak antolatu dituzte 300 ikasle ingururentzat: "Auzolanean eraikitzen den festibal honen baloreak gazteei transmititu eta iraganetik gerorako bidaia eskaini nahi diegu".
Sarrerak eta laguntzaileen izen-emateak webgunean
Aurresalmenta irekita dago jada EHZ-ren webgunean, eta maiatzaren 31 arte 50 eurotan egongo dira salgai hiru eguneko bonoak. Hortik aurrera, 60 euro balioko dute. Egunez eguneko sarrerak, berriz, ekainaren 1etik aurrera eskuratu ahal izango dira.
Horrez gain, antolatzaileek adierazi dute aurten ere 400 laguntzaileren beharra dutela festibala aurrera eramateko. Laguntzeko prest dagoenak ondoko formularioa bete beharko du.