argia.eus
INPRIMATU
Izaskun Lesaka presoa baldintzapeko askatasunean utziko dute
  • Parisko Dei Auzitegiak martxoaren hasieran erabaki zuen Lesaka preso nafarra baldintzapean libre uztea, baina fiskaltzak helegitea jarri zion eta espetxean jarraitu behar izan du orain arte. Astelehenen utziko dute aske.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 20a

Izaskun Lesakak, dena den, Frantziako Estatuan egoteko debekua du eta, beraz, astelehenean espetxetik ateratzen denean estatutik kanporatuko dute. Espainiako Estatuan ez du kargurik, beraz, libre geratuko da.

Kazeta.info-k eman du albistearen berri eta Maritxu Paulus abokatuak hedabideari jakinarazi dionez, Frantziako Estatuan ez da ohikoa baldintzapeko askatasuna ematea kanporaketarekin batera. Lesaka 2012an atxilotu zuten Maconen, Lyonetik 70 bat kilometrora eta ondoren egindako epaiketan hamabost urteko espetxe zigorra ezarri zioten. 2023an zen ateratzekoa espetxetik.

Martxo hasieran bere askatasuna ikusteko egindako auzi saioa bitxia izan zen, epaitegiak aintzat hartu zuelako Euskal Herriko egoera politikoa aldatu egin zela eta ez zuela zentzurik bake prozesua zalantzan jartzeak. Hala ere, argi ikusten da prokuradoreen ikuspegia ez dela hori, behin eta berriz jartzen baitizkiote trabak euskal presoak askatzeari. Azken kasuak Jon Parot eta Jakes Esnalenak izan dira. Ekainaren 11n erabakiko du epaitegiak 32 urte ondoren libre uzten dituen ala ez.