argia.eus
INPRIMATU
Izaskun Igoak irabazi du V. Donostia Kultura Poesia Lehiaketa
  • Donostia Kulturak eta Balea Zuria argitaletxeak elkarlanean antolatzen duten bosgarren poesia lehiaketaren irabazlea izan da Izaskun Igoa (Ziga, Nafarroa, 1995).

Irutxuloko Hitza @irutxulo Xalba Ramirez @xalbaram 2022ko martxoaren 23a

Hotza bazkatzen lanagatik irabazi du Igoak. 2020an, idazle gazteak aipamen berezia lortu zuen poesian Lurra zango zolaren gainean lanarekin, Iruñeko Udalak antolatutako Egile Berrientzako XXX. Euskarazko Literatur Lehiaketan. 2019az geroztik Ttipi Ttapa aldizkarian aritzen da kolaboratzaile gisa.

Epaimahaikideen arabera, Hotza bazkatzen lanak “kontzientzia eta izatea” ditu ardatz. “Gorputzari uko egin gabe, haragoko kezka eta gogoetetan sakontzeko gaitasuna erakusten” duela azpimarratu dute, “orekari eutsiz eta hunkigarri izanez”. Sen poetikoa eta egileak han-hemenka, omenaldi modura, erabili dituen erreferentziak ere nabarmendu dituzte.

Poesia lehiaketa honen sari ekonomikoa 1000 eurokoa da, horretaz gain Imanol Larrinagaren margolan bat oparitu zaio eta Balea Zuria argitaletxeak saritutako idazlana argitaratuko dio.

Poesia lehiaketa hau, Donostia Kultura eta Balea Zuria argitaletxeak elkarlanean burutua, euskarazko poesia zabaldu eta 35 urte bete gabe dituzten idazle gazteen lanari bultzada emateko asmoz sortua izan zen.