argia.eus
INPRIMATU
Izardun eta legadun
  • Italia herri bitxia da. Historia eta kulturaren altxor bat. Bazter miresgarriak. Gizarte zibilaren jenioaren sorlekua. Bankoa asmatu duen herria. Berrikiago tokiko garapenaren hainbat eredu berritzaileen ohantze izan dena: kooperatiba sozialak, distrikto industrialak, dezentralizazio produktiboa... Eta bizkitartean politikoki beti kaosaren bazterrean. Gaur sekulan beino gehiago, Lega (%17 bozetan) eta 5 Stelle (%32) alderdiek hitzartua duten gobernu paktua dela lekuko.

Xabier Itzaina Laborari 2018ko ekainaren 04a

Lehen aldia litaike 5 Stelle-koek gobernu nazional batean parte har lezaketela. Legak aldiz frangotan parte hartu zuen goberno koalizioetan Berlusconi Kontseilu buru zelarik. Gobernu horren mentura bera Europarentzat desafio bat da. Eta populismoaren garaipen bat gehiago.

Gauzak nahitara nahasten dituztenak kontent izanen dira. Frantzia behere hortan, konparazione, on da nazionalismo guziak zaku berean sartzea (salbu frantsesa alabainan, unibertsalista delakotz), dela Lega, dela Katalana, dela Eskoziarra edo bertze. Alta, aski zako Legaren historiari behako baten emaitea konprenitzeko alderdi hori izaitekotz, Europako eskuin muturrekin dela sailkatu behar. Hastapenean “Lega Nord” deitzen zen Umberto Bossik 1989an Lombardiako Lega eta Italia iparraldeko bertze hamar mugimendu erregionalista eta nazionalistak elgarri josiz sortu zuen alderdia. 1990 urteetan berek asmatu Padania delakoaren beregaintasuna zuten aldarrikatzen. Bainan ber denboran Italia mailan federalismoa aldarrikatuz.

Bazka guziak on. Hastapenetik alderdi arrazista eta kanpotiarren kontrakoa da Lega: Italia hegoaldetik jinikakoen kontra lehenik, eta alabainan etorkinen kontra ere. Girixtinotasuna (eta neo-paganismo mota bat ere) erabiltzen dute identidade xoil bat bezala, islamaren arbuiatzeko doia. Artetan etorkinen alde lanean ari diren Elizaren sektoreekin kalapitak sortuz. Emeki emeki, Italia Iparraldearen beregaintasunaren aldeko oihuak eztitu dira, eta Legak premia eman dio Erromari. Matteo Salvini buruzagi berriaren eraginez, “Lega Nord” “Lega” bihurtu zen 2017an, eta premia eman zioten botere nazionalaren ardiesteari. Ainitzen iduriko, gauza on guti emanen du bi populismoen arteko juntak. Izardun eta Legadunek on lukete, agian, Sienan dagoen “Gobernu on eta gaixtoaren alegoria eta ondorioak” Ambrogio Lorenzetti-k 1338an tindatu obraren behatzea. Ikusi eta ikasi.