argia.eus
INPRIMATU
Barra warroak |
Izar uxoak eta hegazkin argiak

Behe Banda 2024ko uztailaren 22a
Irudia: Behe Banda

Izar uxoak hegazkinen argietatik ezberdintzea ez da lan erraza. Udako egun luzeek opari dakarten gauetan besterik egin ezin daitekeen lana da.

Uda hasiberri eta motxila beteta etxeko portaletik kanpora pauso bat eman dut, bi astez ume ez hain umeak zaintzen egoteko. Musu truk. Udan lanik egin behar ez, kapitalari nire lan indarra saldu behar izan ez eta boluntarioki zerbait txikia eman beste zerbait handiagoa eraikitzeko. Udako lana zutabe hau idaztea bihurtu den heinean, aprobetxatu beharko. Ez dakit noiz arte permititu ahal izango dudan udan lanik ez egitea, oraingoz horretan gaude.

Udalekuek badute zerbait berezia. Izar uxoak bilatzeko denbora eta gogoak edukitzea, kasu. Hainbat egunez zure etxeko portalaren atzean dagoen bizitza ahaztu eta komunitate pseudo-hippy-alternatibo-horizontal bat sortzen hastekoa. Bat-batean ezertaz ezagutzen ez dituzun ume batzuen ongizatea bihurtzen da zure ardura bakarra, mugikorra bateriarik gabe lo-zakuan gordeta eta ispiluan begiratzeari muzin eginez. Beti dut sentsazioa badakidala hori ez dela nire benetako bizitza.

Eta, hara, izar uxoa non, hantxe iruditu zait betirako geldi nintekeela hemen. Ikasketa konbentzionalak utzi eta lurra lantzen ikasi, adibidez. Familia eta lagunak utzi eta komunitatea sortu, ama eta alaba izan aldi berean. Gela propioa garbitzetik etxe oso bat zaintzeko ardura izatera pasa. Gaur nik gaueko zaintza egitea eta bihar zuk botikina zaintzea. Janaria 100 pertsonentzat prestatu eta beti azkena balitz bezala eskertzea. Laguntzen eta laguntzen uzten ikastea.

Udalekuek badute zerbait berezia. Izar uxoak bilatzeko denbora eta gogoak edukitzea, kasu

Eta, hara, izar uxoa behin baino gehiagotan pizten ari dela ikusi, eta hegazkinaren argi estroboskopikoak (bai hori interneten bilatu behar izan dut) zirela konturatu; udaleku hauek aurten eta batek daki noiz arte permititu ahal izango dudan kapritxoa direla; benetako lanak eta borrokak etxean dirautela; familia eta lagunak zaintzeko ditudala; oraindik nire garbigailu tanda propioa jartzeko kapaz ez naizela; arroza tomatearekin dela nire espezialitatea; laguntzea eta laguntzen uztea edozein lekutan ikas dezakedan zerbait dela.

Urrunetik abestiak entzuten eta zeruari begira nago. Etxean, argi-kutsadura medio, hainbeste izar ikusten ez direla pentsatzen, eta poz-pozik nagoela pentsatzen, eta etxera itzultzeko gogoa dudala pentsatzen, eta igerilekuan bainatzea zenbat gustuko dudan, eta inoiz itzuli nahi ez dudala, eta ikasitakoa aplikatuko dudala, eta esterilla baten gainean lo egitea ondo dagoela eta nire bizitza jada berdina izan ez daitekeela. Eta hamabost egunek hainbeste aldatu ezin zaituztela eta hau espejismo hutsa dela. Oraindik, batzuetan zail egiten zait zeruari so egon eta izar uxoak eta hegazkin argiak ezberdintzea.

Portalaren barruan naiz berriz, eta ez dago ume oihurik nire inguruan. Dena ahaztuko zait, hegazkinak besterik ikusten ez diren etxe-orratz arteko bizitzan murgildu eta dena ahaztuko zait. Eta ziurrenik horrela behar du. Neguan urrun geratzen dira udaleku eternalak, bizitza betetzen duten bestelako milaka konturen artean: unez une egiten dugu garrantzitsua den edo ez den horren arteko eskala.