Hasi da Valentzian Sara Majarenasekin izan zuen alabari bi labankada eman zizkion gizonaren aurkako epaiketa. Erasoa onartu eta damututa dagoela, baina zehaztasunik ez duela gogoratzen esan du erasotzaileak. Alabak ondorio psikologikoak sufritzen jarraitzen duela adierazi du Majarenasek.
Astearte goizean hasi da Valentziako epaitegietan Izar Majarenasi eraso egin zion gizonaren aurkako epaiketa. 30 urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskaltzak gizonarentzat, bi urteko bere alaba labankadaz hiltzen saiatzeagatik.
Auzipetuak bere abokatuaren galderei soilik erantzun die. “ETA talde terroristako kide izateagatik al zegoen Sara espetxean?”, izan da abokatuaren lehendabiziko galdera. Epaileak, ordea, ez dio bide horretatik jarraitzen utzi. Gizonak onartu du alaba hiltzen saiatu zela, damututa dagoela adierazi du, baina egindakoaren zehaztasunik ez duela gogoratzen.
Erasotzaileak azaldu du Sara Majarenasen gurasoekin, Izarren aitona-amonekin, harreman txarra zuela, eta erasoa horrekin erlazionatu du. Fiskaltzaren idatziaren arabera, gizonak Izarren aitona deitu zuen erasoa burutu eta jarraian, egindakoaz harrotasuna agertuz.
Ondorio psikologikoak
Majarenasek eta bere aitak bideokonferentziaz deklaratu dute Euskal Herritik. Aitak adierazi du gizonarekin harreman ona izan zuela 2016ko gabonak arte (erasoa 2017ko urtarrilean gertatu zen).
Majarenasek azaldu du gizonarekin harremana izan zuela sei urtez. Erasoaren egunean Izar aitarekin zegoela gogoratu du, eta telefonoz ari zirela gizona mehatxuka hasi zitzaiola. Orduan entzun zituen telefonoz beste aldean alabaren oihu “lazgarriak”. Zauri fisikoez gain Izarrek ondorio psikologiko larriak sufritu zituela adierazi du bere amak, eta oraindik ere trauma osteko estresa pairatzen duela.
Epaiketa ostegunera arte luzatuko dela aurreikusten da.