argia.eus
INPRIMATU
Izar Donostian eskolatzeko eskatu dute ehunka lagunek
  • Intxaurrondoko ikastolan matrikulatu dute Sara Majarenasen alaba eta hilaren 7an hasiko da ikasturte berria, baina bai Sara Majarenasek bai Izarrek Alcobendasen (Madril) jarraitzen dute, harrera-zentroan. “Izar ikastolara” ozen aldarrikatu dute ehunka lagunek Donostian.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2017ko irailaren 04a
Argazkia: Irutxuloko Hitza

Izarrekin Sara Etxera plataformako bozeramaile Araitz Zubimendik kritikatu duenez, Madrilgo ikastetxe batean eskolatzera behartuko dute Izar, “berea ez den hizkuntza batean” eta nahiz eta “familiarteko loturak zein sozialak eta kulturalak Donostian dituen”. Irailaren 7an bertan beste mobilizazio bat deitu dute.

"Zigorra behingoz amaitzeko ordua da"

Kontxi Ibarreta Izarren amonak Gara egunkarian adierazi duenez, Sarak apenas jaso duen baimenik: “Hamabi orduko sei egun baino ez dizkiote eman uda guztian. Epailearen autoak dio bigarren gradua duela hirugarren graduko ezaugarriekin, baina Sarak ez ditu hirugarren graduko abantailak”. Alaba psikologikoki gaizki ikusten duela eta zigorra behingoz amaitzeko ordua dela dio Ibarretak. “Itxaropena dut, epaileak iritziz aldatu eta Izar irailaren 7an Intxaurrondoko ikastolan hasiko den itxaropena”.