Nork pentsa dezake errexa denik mintza leku huntarako gai fresko baten kausitzea , azkeneko sei ilabetan ari zarelarik lagun multzo balios eta airos batekin zure herriko etxeko gakoen bilatzen ? Lerro hauk idaztean hiru egun bete gelditzen dira bozka paperen ontzi hura uzkaili aitzin, eta irakurle, eskuratuko dituzunean, aste erdi eginen du zakar ontzirat aurdikiak gaituztela edo.... Nahitaez badu sei hilabete, edo ainitz gehiago, gogoeta hor dagola pil pilean: Abertzale etiketarekin agertu gira herriko bozketarat gure herrian, lagundu edo trabatu ote gaitu hautu horrek herriko etxerat heltzeko bidean?
Galdera irakurri bezain laster irakurle gehienek asmatu dute beren gogoan erantzuna. Errexago nunebaita abertzale izen hori gabe agertzea, zezenari erakusten zaion trapu gorriak bezala errabiatzen baitu oraino zoinahi herritar eta ipar euskal herritar abertzale izenak.
Aitortuko dut ez nintzela sutan bero nihaur ere azken hauteskunde haitada huntan abertzale kolorearen jaunzteaz herriko bozketan, hainbeste dakite gure herritarrek nundik gabiltzan zerrendako gehienak.
Noizbait zure herriko katzakatik haratago so egiten duzu, eta konturatzen zira egiazko indar politiko izateko abertzaleek zenbat bide baduten oraino egiteko. Adibidez Angelun ez dute zinezko izaiterik erakutsi. Miarritzen, ezkerreko eta ekologisten urek bildu dituzte. Baionan dakigun eztabaida guztien ondotik desagertarazi dira indar politiko bezala... Urruñan, Ziburun eta Maulen, abertzaleak lehiaren erdian gelditzen dira hitz hauk idaztean, Itsasukoak gauden bezala.
Hainbeste indar Ipar Euskal Herri huntan kulturaren biziarazteko, hizkuntzaren zaintzeko, hezkuntzaren moldatzeko, prentsaren atxikitzeko, lekuan lekuko laborantza eta ekonomiaren sustatzeko, eta beste zenbat alternatiba altxatzeko. Eta zoin indar motela gerorako bide guzi hauetan higatzen diren emazte eta gizon guzien susmo politikoaren bateratzeko eta gauzatzeko. Damugarria!
Galdu ala irabazi herriko bozken lehia gure Itsasuko herrian, gure harria ekarria izanen dugu beste behin herri asmoari bere izena emaiteko. Les Basques deitzen gaituztenak gira abertzaleak. Eta izanaren ondotik, izenari bidea zabaldu behar diogu. Hil ala bizikoa da Euskal Herriarentzat.