argia.eus
INPRIMATU
Izan zirenentzako leku bat
  • Jaio baino lehen edo jaio berritan hiltzen diren haurren dolua ikusarazi eta aitortzeko espazio bat irekiko dute Hernanin. Horrelako bigarrena izango da Euskal Herrian. Heriotza perinatala bere azalean bizitako Esti Zeberio Zubelzuk bultzatu du ekimena, eta samina igarotzeko familiek zer behar duten azaldu du.

Jone Gartzia 2022ko urriaren 30
Hernaniko hilerrian espazio bat egokituko dute jaio baino lehen edo jaio berritan hiltzen diren haurrentzat. Argazkia: Esti Zeberio

Haurdunaldiko 22. astearen artean eta bizitzako lehen zazpi egunetan zehar gertatzen den heriotza da perinatala, Osasunaren Mundu Erakundearen definizioaren arabera. Aste horietan edo aurrekoetan galera horren ondorena bizitzen den saminari esaten zaio dolu perinatala edo gestazionala.

Biak bizi izan ditu bere azalean Esti Zeberio Zubelzu hernaniarrak. 2017ko urtarrilaren 27an hil zen Marko bere seme zaharrena, jaio zen egunean bertan. “Ezustean” etorritako gertaeren ostean bizitako guztiak gogoeta eta amorrua piztu zizkion. Besteak beste, ospitaleetako protokolo falta eta dolua igarotzeko aintzatespen sozial eta legal eza aipatu ditu. Bere dolu prozesu propioan aurrera egin zuenean eta urte batzuk igarota, Hernaniko Udalari idaztea erabaki zuen, bertako hilerrian dolu perinatalari eskainitako espazio bat egokitu zezan eskatzeko.

Labur azalduta, horrela bideratu zuten duela urtebete laster inauguratuko den espazioaren diseinua martxan jartzea. Istorio luzea aurrerago azalduko dugu. Orain, goazen sakonago ulertzera dolu perinatalari ikusgarritasuna ematearen garrantzia zertan den.

Aurretik ilusioz prestatutako etorkizun batekin amestu dute gurasoek, haurrari izena jarri diote... Baina, bat-batean, prozesu hori heriotzak eteten du eta dolua ezkutuan igarotzen dute

Tabua

“Dolu perinatalak badu berezitasun bat, gainkarga bat, dolu gehienek ez dutena: tabua da”. Argi mintzo da Esti Zeberio Zubelzu. Bere ustetan, heriotza horiek ezkutatzeko joera prozesu luze bat da, oraindik ere errealitatearekin bat ez datorrena. “Gizarteak haurdun ikusi zaitu, eta normaltasunarekin bizi izan du zurekin batera haurdunaldi hori. Baina umea hil egin da eta ez du ume hori ezagutu, beraz, ez da aintzat hartze natural hori bizitu”. Oso bestelakoa da gurasoen bizipena. Heriotza perinatala gertatzen denean gurasoak haurraz erditzen dira, ikusteko, ukitzeko eta agurtzeko aukera ere izaten dute maiz. Aurretik ilusioz prestatutako etorkizun batekin amestu dute, haurrari izena jarri diote... Baina, bat-batean, prozesu hori heriotzak eteten du eta dolua ezkutuan igarotzen dute. Jaioberritan hildako haurrei ez zaie beste pertsonen izaera bera aitortzen, eta hori muga handi bat da senideek bete beharreko prozesu gogorrean.

Zeharo zabalduta dago haurdunaldiko lehen hiruhilekoa igaro arte haur baten esperoan zaudela isilpean gordetzearen ohitura. Zeberioren hitzetan, horrek argi adierazten du zein punturaino den tabua heriotza perinatala. “Behin eta berriz sartu digute buruan aurreneko hamabi asteak gaindituta kontatu dezakegula haurdun gaudela, aurretik badaezpada itxarotea komeni dela. Zergatik? Zerbait gertatzen bada ezkutuan eta isilean eraman behar dugulako? Aurreneko hiruhileko hori gainditu ostean ezin daitekeelako ezer gertatu?”.

Dolu prozesuak pertsonalak direla uste du hernaniarrak, nork bere denbora eta modua urratu beharko duela; baina, kasu guztietan oinarri bera beharrezkoa dela aipatu du: “Gurasoek behar dute errespetua, umea existitu izan zenaren aitortza, alaba edo semearen izena normaltasunez esan ahal izatea”. Ez du tratu berezirik eskatzen, “soilik edozein heriotzaren aurrean izan daitekeen jarrera bera izateko eskubidea”.

Bizipen gogorrak

Heriotza ez da samurra inorentzat. Aitortu eta argitu gabeko heriotzek min handiagoa eragiten dute askotan. Erditu aurretik zein ondorengo uneetan hiltzen diren umeek ez dute inolako errekonozimendurik, ez jendearen aurrean ezta legearen aurrean ere.

Haurdunaldiko 24. astera iristen ez diren umeen gainean gurasoek ez dute inolako erabakimen gaitasunik. Ezin dute gorpua edo haren oroitzapenik gorde, ezin dute hilotzarekin zer egin erabaki. Horrez gain, 24 ordu baino gutxiagoz bizi izandakoak legez ezin dira familia liburuan idatzi. Kasu horretan haurdunaldiko asteak ez du axola, baldintza hori da, 24 ordu egon behar du haurrak bizirik. “Egoera honetan jaiotzen diren ume gehienak ez dira existitzen, inorentzat, gure artean egon diren arren”, jarri du azpimarra Zeberiok.

Marko, Esti Zeberio Zubelzuren semea, oso gutxigatik ez zen heldu 24 asteak betetzera. “Gure txikia 2017ko urtarrilaren 27an jaio eta hil zen. Umea erditu nuen, erditze normal bat izan zen, dilatazioarekin, kanporatzearekin… baina, banekien, bagenekien, Markok ez zuela bizitzarik izango, nahiz eta bizirik egon”. Gurasoek ez zuten haien semearekin zer egin nahi zuten erabakitzeko aukerarik izan. Umea ezagutzen utzi zieten, ikusi eta agurtu, eta eraman egin zuten. Amak kontatu digu ez zietela esan nora zeramaten ezta zer egingo zuten berarekin, “ez momentu horretan ez eta aurrerago ere”.

Ospitaleen protokolo falta kritikatu du. Bera Donostiako Ospitalean erditu zen Markoz, eta ez zuen inolako laguntza psikologikorik edo informaziorik jaso. Areago, erditu eta hurrengo egunean alta jaso zuen, erditu osteko dilatazio eta odoltzeekin. Esnea ez igotzeko pilula eman eta etxera bidali zuten, ginekologia azterketarik eta emaginaren jarraipenik egin gabe.

Ez hori bakarrik, sarri ospitalean bertan sekulakoak entzuten direla ohartarazi du hernaniarrak. Berak, zehazki, erditu ostean “lasai, izango dituzu ume gehiago” entzun behar izan zuen gelan. “Eta? Imajinatzen duzu aita galdu duen edo senarra galdu duen norbaiti hori esango bagenio?”, kexu da.

Beste konparazio bat ere egin du. Berak ezin izan zion eman semeari nahi zuen agurrik, leku jakin batean kokatu edo haren errautsik jaso. Ebakuntza baten ostean meniskoa kentzen diotenari, ordea, ontzi batean etxera eramateko aukera ematen diote. Ulergaitza bezain mingarri da alderaketa.

Erditu aurretik zein ondorengo uneetan hiltzen diren umeek ez dute inolako errekonozimendurik, ez jendearen aurrean ezta legearen aurrean ere

Aldarrikapen zehatzak

Esti Zeberio Zubelzuk argi du zer behar den bai jendarte zein erakunde mailan dolu gogor hau igaro behar duten familiei laguntzeko: “Hil berri den gure seme edo alabarekin zer egin guk erabaki ahal izatea, eta guk erabakitzea non eta nola agurtu nahi dugun”. Ospitaleetan egoera hauen aurrean jarduteko protokoloak aldarrikatu ditu. Laguntza psikologikoa, gurasoak ez jartzea sano jaioko diren umeak erditzen dituztenen gela berean, senideek umea ikusi eta agurtzeko aukera izatea, eta dolu prozesuan lagungarriak izan daitezkeen elementuak biltzea (izan argazkiak, ile zati bat, errautsak...), besteak beste.

Legeari erreparatuta, guraso guztiek haien seme-alabekin zer egin erabakitzeko eskubidea izatea aldarrikatu du. 24 asteko muga eta haurra familia liburuan inskribatu ahal izatea eskatu du. Eta jendartean, “izango duzu beste bat”, “ondo egon beharko zenuke dagoeneko, ahaztu”, “behintzat ez zaizu gertatu umeak 2 edo 3 urte zituenean” eta halakoak maiz entzuten direla gaitzetsi du.

Txoko bat Hernaniko hilerrian

Aurretik aipatu moduan, Esti Zeberiok bizipen pertsonaletik abiatu zuen Hernaniko hilerrian heriotza perinatalei leku bat eskaintzeko borroka. “Borroka”, berez, ez zen gogorra izan. Proposamena egin bezain laster jaso zituen Udalaren lanerako prestutasuna eta interesa. Marko hil osteko urteetan, dolua igarotzen ari zela, Estatu mailako horrelako espazio batzuen berri izan zuen Zeberiok. Gutxi ziren, lauzpabost, eta gehienak Katalunian zeuden. Bilboko Udalak Derioko hilerrian leku bat egokituko zuela ere irakurri zuen – 2021eko azaroaren 1ean inauguratu zuten-. Hernaniko Udalari eskatu zion herrian bertan horrelako gune bat sor zezan. Erabateko elkarlanean jardun dutela argitu du. Markoren gurasoek haien bizipenetan oinarrituta azaldu zuten espazioak nolakoa izan beharko lukeen eta zer behar ase beharko lituzkeen. Hernaniko Udalak Sahatsa Jauregi artistari eskatu zion horren diseinua egitea eta berak “ezin goxoago, ezin sentiberago” eman dio forma.

Hernanikoa izango da Euskal Herrian dolu perinatalari eskainitako bigarren txokoa. “Izan zirelako” jarri diote izena, “existitu zirenen oroimenez”. Hilerri sarreratik oso gertu egongo da eta elementu desberdinak izango ditu. Alde batetik, izarrez jositako hesi batek eremua bera bilduko du. Izan ere, izarra da heriotza perinatalaren ikurra. Hilerrira gerturatzen den edozein pertsonak, unean bertan eta inolako eskaerarik egin beharrik gabe idatzi ahal izango du bere haurraren izena. “Intimitatean edo nahi duenarekin. Gune bat izango du, lurperatu edo ehortzi ezin izan duen ume horrentzat. Kokatzeko espazio bat. Aitortzarako leku bat. Bisitatu edo agurtzeko espazio bat. Ospitalean utzi behar izan zuen seme-alabarentzat espazio bat izango da”, argitu du Esti Zeberiok. Lurrean beste izar bat egongo da, erdian lurpera doan hodi bat izango duena. Senide eta lagunek gutunak edo testuak edo nahi dutena sartu eta lurperatzea irudikatzeko dago pentsatua.

Espazio berriak izango duen helburu bikoitza azpimarratu du Zeberiok: “Dolu perinatala ikusaraztea batetik, eta behar hori duten gurasoei espazio bat eskaintzea bestetik”. Nolanahi ere, argi utzi du benetako aldarrikapena “horrelako espazioen beharrik ez izatea” dela.